1976an Oilarraren promesa (Gero) kaleratu zuenetik, obra oparoa osatu du Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948). Poesia eta haur eta gazteei zuzendutako literatura ere landu izan ditu, baina, batik bat, nobelagilea izan da Irigoien. Hala nabarmendu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, gaur goizean, idazlearen lan berria aurkeztean. Hamabosgarren eleberria argitaratu du: Derbia.
Badira urte batzuk Irigoieni esklerosia diagnostikatu ziotela. Hitz egiteko zailtasunak eragiten dizkio, eta Imanol anaiak irakurri ditu haren partez liburuaren gainekoak. "Derbia nobelarekin natorkizue, obraxka arin bat, arinkeriaz josia, jende bati irri-karkarak eragingo dizkiodan esperantzan. Ba ote da, izan ere, irri-karkara bat baino sendagarri hoberik gure ilunaldietarako?".
Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko kirol kazetaria ere izan da liburuaren aurkezpenean. Realzaleez nola athleticzaleez esan ohi diren topikoak liburuan "dantzan" dabiltzala aipatu du, eta zaletasun sutsu hori barregarri utziz erakitako satira bat dela. Futbolaren inguruan sortu ohi diren elkarrizketak, egoerak, ezinikusiak... ageri dira liburuan, ez dute lekurik, ordea, furbol jokalariek eta kirol jokoari dagozkienek. Lana irakurriaz ongi pasatzearekin batera, gogoetarako bideak ere topatu ditu Apaolazak: "Garbi ikusten da Irigoienek futbola maite duela, zelai barruko jolasa, baina jokoa ez, ez du maite; futbolak bere inguruan sortu duena, negozioak hartu duen bolumena... Horretaz guztiaz gogoeta egiteko ere balio izan dit niri".
Aurreko larunbatean argitaratu zuen Berria-k liburu aurrerapena.