Gobernu osaketa Nafarroan

PSNrekin koalizio gobernua osatu nahi du Geroa Baik

Barkosek nabarmendu du PSNri dagokiola gobernua osatzeko negoziaketa gidatzea. Txibitek bilera sorta hasiko du datorren astean Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin, "aurrerabide gobernua" eratzen saiatzeko. Otegik inbestidurara aurkezteko eskatu dio Barkosi.

Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaia eta Nafarroako jarduneko lehendakaria, prentsa agerraldian iristen. FOKU
2019ko maiatzaren 30a
07:13
Entzun

Uxue Barkos Geroa Bairen presidentegaia eta Nafarraoko jarduneko lehendakariak agerraldia egin du Geroa Bairen egoitzan, hauteskundeen behin betiko emaitzak ezagututa, gobernu osaerari buruz hitz egiteko. "Gobernu aurrerakoi eta anitza" osatu daitekeela deritzo, baina elkarrizketen gidaritza PSNri eta Maria Txibiteri dagokiela, duela lau urte Geroa Bairi egokitu zitzaion modu berean. Barkosek gaineratu du gobernu hori koaliziokoa izantea nahiko lukeela. Datorren astean batzartuko da Txibiterekin.

Maria Txibite presidente lukeen gobernu bateko kontseilari izango litzatekeen galdetuta, Barkosek erantzun du Nafarroako presidente izan ostean, karguarekiko errespetuagatik, ez litzatekeela kontseilari izango. Aldiz, argitu du horrek ez duela esan nahi Geroa Baik lidergoari uko egiten dionik eta gobernuan egon nahi ez dutenik.

Barkosen agerraldiaren aurretik, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du Nafarroako jarduneko lehendakaria inbestidurara aurkeztu beharko litzatekeela. Barkosek erantzun dio berari eta Geroa Bairi dagozkion erabakiak berak eta Geroa Baik hartuko dituztela. Dena den, Otegiren proposamena ez litzateke "koerentea" eta "arrazoizkoa" izango, Barkosen iritziz. Ez zaio bateragarria iruditzen "errealitate printzipioarekin", eta berriro nabarmendu du PSNri dagokiola gobernu osaketaren negoziazioak gidatzea. Are arrazoi gehiagorekin, gaineratu du, laukoak gehiengoa galdu ostean.

Barkosek kanpainan betoei buruz egin dituen adierazpenei buruz galdetuta, azaldu du esandakoari eusten diola. Alegia, ez zuela inoren betorik onartuko nagoziazioak gidatzea berari egokitzekotan. Emaitzek ardura hori PSNri eman diotela uste du, ordea.

Garrantzia handia onartu die Barkosek negoziazioen epeei. Ohartarazi du ez dela komeni asko luzatzea. Azken urteetako esperientziari erreparatuta, negoziazioak gehiegi luzatzeak egoera nahastera eraman dezakeela nabarmendu du, eta elkarrizketek okerrera egin dezaketela. "Hamabost urte luzeotako historiak —2007koa gogoan— erakusten digu, epeak gehiegi luzatzeak azkenean gauzak nahasten ditu. Oso garrantzitsua da gizarteari lehenbailehen zehaztea gobernua".

Negoziazioen lehentasunetako bat egonkortasun politikoa lortzea izan behar dela defendatu du, eta egonkortasun hori erakunde guztietara hedatzearen alde mintzatu da.

Bilera sorta, datorren astean

PSNk gobernua eratzeko mugimenduak hasiko ditu, publikoki, datorren astean. Bilera sorta bat egingo duela jakinarazi du. Maria Txibite presidente izendatzeko babesa zein alderdiren artean bilatuko duen ere argitu du: Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin bilduko da. Ohar bidez azaldu duenez, "Nafarroarentzako aurrerabide gobernu bat eratzeko konpromiso sozialistan kokatzen da elkarrizketa". Nafarroako Ser irrati kateak aurreratu duenez, ekainaren 5ean izango da Txibite eta Barkosen arteko bilera; 13:00etan. Hurrengo egunean, Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Eduardo santosekin bilduko da; 12:00etan. Ekainaren 7an, ordu berean, Ezkerrako diputatu Marisa de Simon hartuko du Txibitenk.

PSNren esanetan, bileren helburua izango da "erkidegoaren garapena ahalbidetuko duten proposamenei buruzko akordioa" lortzea. Txibitek "konpromisoa" berretsi du "eskuineko gobernurik nahi ez duen gehiengoarekin". Adierazi duenez, bere esku dagoen guztia egingo du "aurrerabide gobernu bat" osatze aldera. Horretarako, "elkarrizketa eta akordiorako izpirituarekin" lan egingo duela ziurtatu du.

Ezkerra eta Ahal Dugu, prest

Marisa de Simon Ezkerrak parlamentuan izango duen ordezkari bakarrak adierazi du prest dagoela "gobernu aurrerakoi baterako gobernu programa" adosteko. Nabarmendu duenez, "zenbakiek ahalbidetzen dute" Navarra Sumarena izango ez gobernu bat eratzeko aukera. Hala ere, ohartarazi du edukiei erreparatuko diela bere botoarekin zer egin erabakitzerakoan. "Ez diogu gure botoa eskuinari emango, ezta eskuinari segika ibiliko den gobernu bati ere", adierazi du Simonek. "Gobernu aurrerakoi" hori "bazterketarik gabe" eratzea nahiko luke Ezkerrak. Simonen iritziz, "logikoa litzateke prozesu hori Txibitek lideratzea".

Bide beretik jo du Eduardo Santos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. Emaitzak aintzat hartuta, "umiltasunez" jokatu beharra dutela nabarmendu du Santosek, baina prest daudela "gobernu aurrerakoi bat eraikitzen hasteko". Datorren astean izango dute bilera PSNrekin, eta "entzutera" joango direla ziurtatu du Ahal Dugu-koak: "Gure lehen aukeretako bat da eskuinak ez gobernatzea". Horretarako, Txibite izan behar da lidergoa izango duena, Santosen iritziz; EH Bildurekiko PSNk agertu duen jarreraz galdetuta, horixe erantzun du: "PSNk du elkarrizketen lidergoa, eta berak planteatu behar du akordioa norekin egin nahi duen, eta norekin ez".

Otegi, Barkos aurkeztearen aldeko

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritziz, Uxue Barkosek Nafarroako presidente izateko aurkeztu beharko luke. Nabarmendu du Barkosek EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren babesa lortu ahalko lukeela, eta ikusteko legokeela PSNk zein jarrera hartuko lukeen. Haren esanetan, Txibitek erabaki bat hartu beharko du, Navarra Sumak gobernatzeko duen modu bakarra PSNk hari gobernura heltzen uztea baita.

Bestalde, salatu du PSNk "osasun kordoi bat" ezarri diola EH Bilduri, "gehiago publikoan pribatuan baino", ezkerreko gobernu bati bide eman beharrean.

Otegiren esanetan, PSOEk Nafarroan izango duen jokabidea erabakigarria izango da estatu mailan ere. "Legealdi honetan egingo duenaren aurkezpen gutuna izango da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.