Nafarroa

Navarra Sumak 20. parlamentaria irabazi du, EH Bilduren kaltetan

Ezkerrak ozta-ozta lortu du %3ko langa, eta Marisa de Simon parlamentari izango da datozen lau urtetan

Javier Esparza igandean, emaitzak ospatzen. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko maiatzaren 29a
07:12
Entzun

Igandeko emaitzak ez ziren behin-betikoak. Oraindik ere, gorabeherak izandako hainbat mahai zein atzerrian bizi direnen botoak zenbatzea falta zen. Guztira, 8.145 boto. Gaur goizean goiz hasi dira zenbaketa hori egiten Nafarroako Justizia jauregian. Nahiz eta Maria Solana gobernuko jarduneko eledunak esan duen litekeena zela bihar arte atzeratzea, azkenik gaur arratsaldean eman dituzte datuak.

%98,14 zenbatuta, EH Bildu eta Navarra Sumaren artean 24 botoren aldea baino ez zegoen, eta behin boto guztiak zenbatuta, balantza eskuineko koalizioaren alde erori da. Navarra Sumaren 20. parlamentaria Angel Ansa izango da. Aldiz, iragan berri den legealdian EH Bilduko parlamentari  izan den Arantxa Izurdiagak jokoan zen azken eserleku hori galdu du.

Azken emaitza horrek laukoari asko zailtzen dio hauteskunde ondorena, orain lauen artean ez dutelako gehiengorik —gaur arte 20 zituzten, EH Bilduko zortziak zenbatuta, baina azken horrek zazpi dituenez, orain 19 dituzte—.

Marisa de Simon, parlamentari

Ezkerraren parlamentaria ere jokoan zegoen. Parlamentuan ordezkaria izateko botoen %3 lortu behar da eta igandean ozta-ozta erdietsi zuen ehuneko hori. Falta ziren datuekin ere, Ezkerrak lortu du xedea. Marisa de Simon eserlekurik gabe geratzeko arriskua zuen, baina azkenik Ezkerraren ordezkari izango da.

Azkenean horrela geratu da parlamentua: Navarra Sumak hogei, PSNk, 11, Geroa Baik 9, EH Bilduk zazpi, Ahal Dugu-k bi eta Ezkerrak bat.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.