Asteartean amaitu zen munduko mendi altuenera igotzeko denboraldia. Aurtengoan 600 mendizalek lortu dute 8.848 metrora dagoen tontorrera igotzea. Hala adierazi du Meera Acharya Nepalgo Turismo arduradunak, baina zehaztu ere egin du horiek "gutxi gora beherako kopuruak" direla, eta zenbaki zehatza datozen asteetan jakingo dutela.
Maiatzaren 14an hasi zen denboraldia —garai honetan izaten dira baldintza onenak Everestera igotzeko—. Egun horretan zortzi alpinista profesionalek zabaldu zuten bidea. Hurrengo egunetan asko izan ziren tontorrerako bidea hartu zutenak, baina eztabaida gehien maiatzaren 21 gaueko ahaleginak eragin du. Sare sozialetan zabaldutako irudian mendizaleak ikusten dira ilaran zain tontorrerako bidean.
I wonder how many of these people are actually qualified to climb Everest. pic.twitter.com/3PPAteld2k
— Rachel Pugh (@WhiteAudiA5) 2019(e)ko maiatzaren 29(a)
2012an ere antzeko zerbait gertatu zen 260 mendizale denak batera tontorrera igotzen saiatu zirenean. Hillary koskan pilatzen joan ziren, tontorrera igotzeko 12 metroko harkaitzean. Orduko horretan lau mendizale hil egin ziren, jaisten ari zirenean nekeak eta altuerak jota; 179 mendizale igo ziren tontotorrera.
Aurtengoan ere heriotzetatik batzuk pilaketek eragindakoak izan direla onartu du Turismo Departamenduak. Ilaran zain egon beharrak eragindako nekearen ondorioz hil dira, esaterako, Anjali Kulkarni 54 urteko indiar jatorriko mendizalea eta Donald Lynn Cash 55 urteko estatubatuarra. Orotara 11 izan dira aurten hildako mendizaleak. Azken lau urteetako hildako kopuru altuena izan da.
Aurten Nepalgo Turismo departamenduak 378 baimen eman ditu munduko tontorrik altuenera igotzeko, inoizko kopuru altuena. Horrek eragina du ingurumenean ere. Denera 11 tona zabor bildu ditu alpinista talde batek Everesten. Berez mendizale talde bakoitzak 4.000 dolarreko bermea ordaindu behar du. Ondoren, itzuleran mendizale bakoitzak zortzi kilo zabor ekartzen baditu, dirua itzultzen zaie. Baina askok nahiago dute hondakinak tokian bertan utzi.