Udal eta foru hauteskundeak

Asiron "azken unera arte" ahaleginduko da Maiari alkatetza ematea eragozten

PSNri gogorarazi dio bere boto emaileek ez ziotela babesik eman alkatetza "Estatuko eskuin atzerakoienaren" esku uzteko.

Joseba Asiron  Iruñeko jarduneko alkatea, gaur eguerdian. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko maiatzaren 28a
07:16
Entzun

Zail du berriro ere Iruñeko alkate izateko baina aukera guztiak agortu nahi ditu Joseba Asironek. Maite Esporrinek herenegun gauean "agur Asiron" oihukatu zuen eta argi utzi zuen zer nahi zuen. "Norberaren estilo kontuetan sartzerik ez dut nahi", aipatu du gaur Asironek. Bere ustez, une horretan PSNko hautagaiak ez zuen behar beste baloratu Iruñeko errealitatea eta batez ere boto emaileek ez dutela Enrique Maia alkate izatea nahi.

Gaur emaitzen irakurketa egin du jarduneko alkateak, eta nabarmendu du Iruñeko gehiengoa "aurrerakoia" izaten jarraitzen duela, baita ordezkaritzarik gabe geratu den ezkerreko sektore hori kontuan hartuz gero —Ahal Dugu, Ezkerra eta Arantzadik ez dute botoen %5 lortu eta horregatik ez dute hautetsirik izango legealdi horretan—. Sektore hori "umezurtz" geratu dela aipatu du, eta prest agertu da euren ahotsa erakundeetara eramateko. Zatiketak ahuldu egin duela iritzi dio.

Fokua PSNren gain

Hala ere, Asironek agerraldian fokua PSNren gain jarri nahi izan du. Kontu sozialetan elkarrengandik gertu daude, eta, bere esanetan, azken osoko bilkuran halaxe ondorioztatu zen inbertsio iraunkorren bozketan —PSNk bat egin zuen EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairekin—. "Eskuinak bat eginda ez du lortu gehiengo osorik, eta soilik lortuko du PSNk baimenduz gero. Edo PSNk pentsatzen du hari botoa eman ziotenek hori nahi dutela?". Asironen ustez, "ez dago gauza okerragorik ezkerreko botoak bildu eta eskuineko udal gobernu bat ahalbidetzea baino". Gogora ekarri du Iruñeko Udalean PSNk "hiru aldiz" egin duela hori.

Gogoan hartu du ere 2007ko abuztuko kolpea, edo 2014ko martxoan zentsura mozioa aurrera eragotzi zutela Yolanda Barcina boterean mantentzeko. "Eragotzi dezagun orain ekainean kolpe handi bat izatea", azaldu du.

Maite Esporrin alkate izateko prest ote legokeen galdetuta, Asironek argi utzi du EH Bildu bigarren indarra dela "alde handiarekin", eta 2015ean boto kopuruan ateratzen ziona baino alde handiagoa ateratzen diola orain. Bere ustez, errealitate horri ezin zaio muzin egin. Gogorarazi diote halaber, Esporrinek bere hautagaitza aurkezteko asmoa duela, baina horri ez diola beldurrik azpimarratu du.

"Presa dute ni joateko"

Bere etorkizunaz galdetu diote, baina Asironek argi utzi du bere arreta guztia hurrengo hiru asteetan jarri duela eta azken aukera agortu arte lan egingo duela berak zein EH Bilduko taldeak. "Bihotzetik mintzo naiz. NIre irteera ziurtzat jotzen duten editorial eta artikulu batzuk gonbidapen bat dira nik jarraitu dezadan. Batzuk presa dute ni joateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.