Dantza

Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek bi hileko sorkuntza egonaldia egingo dute Montrealen

'No Trace' ikuskizuna garatuko dute. Urte hasieran, Louise Bedard Quebeceko dantzari eta koreografoa izan zen Euskal Herrian.

Jauregi eta Miguel dantzari eta koreografoak. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Garate.
2019ko maiatzaren 28a
07:46
Entzun

Dantza sorkuntzarako lankidetza programa bat jarri zuten martxan iaz Gipuzkoako eta Quebeceko zenbait erakundek, sormenaren garapena indartzeko eta koreografoen ikuspegi artistikoa zabaltzeko asmoz. Besteak beste, egonaldiak egiteko aukera ematen die programa horrek sortzaileei. Otsailean egin zuten proposamenak aurkezteko deialdia, eta jasotakoen artean, Kanpai konpainiako Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoen proiektua aukeratu dute antolatzaileek, Quebeceko erakundeen oniritziarekin. Udazkenean, bi hilabete eta erdiko egonaldia egingo dute Montrealen.

No Trace pieza garatuko dute, dantza garaikideko profesional bilakatzeko bidean diren Quebeceko Ecole de Danse Contemporaine (EDCM) zentroko ikasleekin. Bi dantzarien esanetan, "gizakiak inposatzen dituen arrastoei buruzko lana" izango da, eta norbere ekintzei eta erabakiei buruz gogoeta egitea proposatuko dute, horien ondorioei buruzko gogoeta ere egiteko.

Arrastoari lotuta, zati batek inguruarekin duela zerikusia azaldu dute; hau da, gizakiak inguruan eragiten duen inpaktuarekin; bestetik, bakoitzak bere inguruko jendearengan sortzen duen arrastoa landuko dute. "Gure ardura da existentzia horrek ongizatea sortzea, eta, horregatik, gainerakoi nahiz norberari uzten ari garen arrastoari buruzko gogoeta irekitzea da proiektuaren ideia. Hori guztia dantzara ekarrita". Ordu erdi inguruko iraupena izango du ikuskizunak, eta abenduaren 11tik 14ra egingo den Les danses de la Mi-chemin jaialdian aurkeztuko dute, Monrealen bertan.

Dantzari talde handi batekin lan egingo dute bi koreografoek, dantzari gazteekin, eta hori aprobetxatuz, taldeko eszenak prestatuko dituztela esan dute, oso dinamikoak eta fisikoak. "Irudi biziak osatzea interesatzen zaigu, naturako paisaietan inspiratuta: desertuak, sumendiak, itsasoa, harkaitzak... Gero horiek pauta fisikoetara ere bihur daitezke, dantzaria egoera mental edo fisiko horretan jartzeko, adibidez, zer sentitzen den sumendi batean egonda adierazteko". 

Miguelek eta Jauregik nabarmendu dutenez, "komunikatzen duen dantza" defendatu izan dute beti. "Gorputzak komunikatzeko duen gaitasuna interesatzen zaigu, hitz egiteko duen gaitasuna eta barruan duen poetika hori. Saiatuko gara horretan sakontzen beraiekin".

Bi norabideko proiektua

Quebeceko Ecole de Danse Contemporainek, Conseil des arts et des Lettresek, Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Gipuzkoako Dantzaguneak, Dantzaz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dute programa.

Bi norabideko proiektua da. Hain zuzen, urte hasieran Louise Bedard dantzari eta koreografoa bi hilabetez aritu zen lanean Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean, Dantzazeko dantzariekin. Lan horren emaitza Errenteriako Niessen Auditorioan erakutsi zuten, eta udazkenean Dantzaz konpainiak egingo duen ikuskizun oso baten parte izango da. 2018an egindako lehen edizioan Iker Arrue donostiarra izan zen Quebecen, eta John Gerena koreografoa etorri zen Gipuzkoara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.