Iñaki Igerategi iazko otsailean atera zen espetxetik, sei urteko kartzela eta inhabilitazio zigorra bete ostean, eta bere suhiltzaile lanpostura itzultzea galdegin zuen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak “ukatu egin zion eskubide hori eta kalera bidali zuen”, LAB sindikatuaren arabera: “EAJren erabakia politikoa zen, ez juridikoa”. Administrazioarekiko auzien epaitegi batek arrazoia eman dio orain Igerategiri: bere lanpostura itzuli behar dela ebatzi du.
LABek jakinarazi duenez, epaileak hainbat arau kontutan hartu ditu (besteak beste, langile publikoei buruzko legeak eta Espainiako Zigor kodea), baita Espainiako Auzitegi Nazionalak Igerategiren aurka emandako epaia ere. Hala, ondorioztatu du inhabilitazioa ez dela aplikagarria lanpostu horretan, eta gainera, ez dagokiola diputazioari hori zehaztea.
Epaia “argia” dela argudiatuta, sindikatuak aldundiari eskatu dio helegiterik ez jartzeko, eta Igerategi bere postuan jartzeko ahalik eta azkarren.