Euskal presoak

Urrutikoetxea Espainiaratzeko eskatu du Auzitegi Nazionalak

Ismael Moreno epaileak egin dio galdea Frantziari, Espainiako Fiskaltzaren eskariz, 1987ko atentatu bat egotzita. 2002an auzipetu zuten Urrutikoetxea, eta hilketa eta atentatu terrorista delituak leporatzen dizkiote.

Ehunka lagun batu ziren atzo arratsean Ugaon, Bizkaian, Josu Urrutikoetxea aske utz dezatela eskatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU
2019ko maiatzaren 25a
08:36
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeko eskatu dio Frantziari. Fiskaltzak hala eskatuta egin du eskaria epaileak, berri agentziek zehaztu dutenez. 1987an ETAk Zaragozan egindako atentatu batean parte hartzea egozten diote Urrutikoetxeari, eta ondorioz, hilketa eta atentatu terrorista delituak leporatu dizkiote —11 hildako izan ziren eraso hartan—. 2002an auzipetu zuten Urrutikoetxea delitu horiengatik, eta 2005ean haren aurkako atxilotze agindua eman zuten, ihes eginda zegoelako.

Urrutikoetxea maiatzaren 16an atxilotu zuten Frantziako Alpeetan, Goi Savoiako Sallanches herrian. Espetxera bidali zuen epaileak, baina ospitaleratu egin zuten; haren gertukoek azaldu zutenez, ebakuntza bat egitera zihoan atxilotu zuten unean. Frantzian, zortzi urteko zigorra du Urrutikoetxeak.

1987ko eraso bat izanik, preskribatzearen inguruko azalpenak eman behar izan ditu autoan Moreno epaileak. Hark argudiatu duenez, EBko zuzentarauen arabera, estatu batek ezin du estradizioa ukatu delitua egin zen estatuan (Espainiakoan) auzia preskribatuta ez badago, nahiz eta delitugilea dagoen estatuan (Frantziakoan) delitua preskribaturik egon. Horretan jarri du indarra autoan: Morenoren arabera, Urrutikoetxearen aurkako atxilotze agindua 2005ean eman zutenez, hortik aurrera zenbatu behar dira urteak —20 urte—. 1987tik zenbatzen hasiz gero, 20 urte baino gehiago pasatuta daudenez —32, zehazki—, preskribatuta legoke delitua.

Estradizio eskaria egiteaz gain, AEGC guardia zibilen elkartea akusazio partikular gisa pertsonatzea onartzea du Moreno epaileak. Espainiaratzea azkar eskatu izana goraipatu du AEGCk, eta Frantziari eskatu dio erantzun baikorra emateko.

Ugaon (Bizkaia) jaio zen Urrutikoetxea, 69 urte ditu, eta azken hamazazpiak igaro ditu klandestinitatean.

Parisko Auzitegiak 2017ko ekainean kondenatu zuen, 2011-2013 artean Norvegian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita. Urte haietan, ETA ahalegindu zen Espainiako Goberunarekin elkarrizketak abiatzen, nazioarteko bitartekaritza tarteko, baina saiakera antzua izan zen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.