Libre geratu eta urte eta erdira, Espainiako Estatuak atxilotze agindu batekin "mehatxatu" du berriz Nekane Txapartegi. Suitzan da euskal iheslaria, eta hango Free Nekane babes taldeak ohar batean salatu du Suitzak ez duela behar bezala babestu: "Jazarpen politiko berritu hau traumatikoa bihurtzen ari da. Suitzari eskatzen diogu torturaren debeku erabatekoa errespetatu eta behar bezalako babesa eskain diezaiela tortura sexistatik bizirik irtendakoei". Asteazkenean, Bernako auzitegi batera joan behar izan zuen Txapartegik, Espainiako Auzitegi Nazionalak irekitako auzi berri batengatik deklaratzera: Europan barrena ibiltzeko dokumentazio faltsua erabili izana egozten diote. Txapartegik uko egin zion deklaratzeari, eta Free Nekane taldearen arabera, estradizio eskari bat aurkezteko asmoa duela iragarri zuen Espainiak.
18/98 sumarioan epaitu eta zigortu zuten Txapartegi (2009), eta sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atxilotzean (1999) torturatu egin zutela salatu zuen Txapartegik. 2016ko apirilean, Suitzan atzeman, eta preso sartu zuten; 2017ko irailean utzi zuten aske. Espainiako Auzitegi Nazionalak preskribatutzat eman zuen hari egotzitako delitua, eta bertan behera gelditu zen haren kontrako estradizioa. Asilorik ez dio eman Suitzak, ordea. Dokumentazio faltsua erabiltzea leporatzen diote orain, eta Free Nekane taldeak gogora ekarri du "berriz ere atxilotua eta torturatua izateko mehatxuagatik" joan behar izan zuela Espainiako Estatutik.
Elkartasun taldeak zehaztu du Suitzako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Administratibo Federalak "sinesgarri" jo zituela Txapartegiren tortura salaketak. Espainiak haren lehen auzia preskribatutzat jotzean, horixe erabili zuen argudio gisa Suitzako Auzitegi Administratibo Federalak Txapartegiren asilo eskaria ez onartzeko. Hain zuzen, arrazoitu zuen dagoeneko ez zuela "jazarpenerako arriskurik". Free Nekane taldearen iritziz, ordea, Espainiak irekitako auzi berriak aldatu egin du egoera hori: "Egoeraren azterketa hori ezbaian dago berriz, jazarpen politiko berrituagatik".
Asteazkenean, Bilgune Feministak ere salatu zuen auzia, eta Suitzan izan ziren zenbait kide Txapartegiri babesa emateko. "Tortura sexista emakumeonganako indarkeriaren beste adierazpen bat da", nabarmendu zuen Bilgune Feministak, eta gogora ekarri zuen "patriarkatuaren oinarri den sexu bereizkeria iraunaraztera eta indartzera bideratutako indarkeria" dela hori ere