Abiada handian joan da hazkunde ekonomikoa Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan azken lau urteetan, %3tik gorako gainekin, eta %2tik behera jaitsi barik. Esportazioen gorakadak lagundutako susperraldi ekonomikoaren legealdia izan da, bigarren atzeraldiaren lau urtekoaren ostean etorri dena. Datu makroekonomiko nagusiek hobera egin dute, nahiz eta azken aldian moteltze bat sumatu. Edonola ere, aldagai ekonomiko eta sozial batzuetan ez da igarri susperraldi ekonomikoaren tamainako onurarik.
Garapenik onena langabezia tasarena izan da. Langabeen zerrenda dezente txikitu da 2015eko hauteskundeetatik: orduan ia %14 eta %19 bitartekoak ziren tasak, orain %7,4tik %11,5era bitartekoak. Landun kopuruak ere gora egin du, eta soldatak ere igo dira, baina langile askori ez die eragin, lan hitzarmenik gabe geratu direlako estatalizazioaren mehatxupean: joan den otsailean bakarrik beharginen %36k zeukaten lan ituna gaurkotuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Datorren legealdiko erronken artean egongo dira enpresen itxieren joera etetea, lanaldi partzialen tasa jaistea emakumeen artean, eta pobrezia txikitzea.