"Gladys del Estalen oroimenak, paradoxikoki bizia defendatzearren hil zen emakume gazte baten memoria horrek, ekofeminismoaren balioak aitortzera eta sakontzera deitzen digu, energia nuklearrik eta armarik gabeko bizitza aldarrikatuz". Hala dio Gladys del Estalen hilketaren 40. urteurrenerako Gladys Gogoan plataformak eta Eguzki talde ekologistak prestatu duten adierazpenak. 1979ko ekainaren 3an, Tuteran (Nafarroa) egindako martxa batean hil zuen Guardia Zibilak Del Estal; Ingurumenaren Nazioarteko Eguna zen, eta tiro bat jo zioten buruan. Jose Martinez Salas guardia zibila 18 hilabetera zigortu zuten, baina zigorra baino, saria jaso zuen: bi domina eman zizkioten, 1982an bat, eta 1992an bigarrena.
Zentral nuklear baten proiektua eta Bardeako tiro eremua gelditzea galdegina zuten ordurako Tutera eta inguruko herrietako alkateek. "Aldarrikapen haiek indarrean darraite", nabarmendu dute urteurren ekitaldien antolatzaileek, Donostian egindako agerraldian. "Garoñako zentral nuklearra itxi den arren, instalazioetan hondakin erradioaktiboetarako ontzi bat eraikitzen ari dira", gogorarazi dute. Bardeako tiro eremua ere martxan da oraindik, Tuterako Udalak eta Nafarroako Gobernuak hainbatetan aurkako jarrera agertu arren.
"Egin dituen akatsak aitortzeko eta konponbidea jartzeko [Espainiako] Estatuak duen interes faltak, testigantza faltsuak, epai injustuak eta botere judizialaren eta polizialaren arteko konnibentziak, Gladysen oroimena mantentzera bultzatzen gaitu", jaso dute 40. urteurreneko adierazpenean. "Gladysi ezin diote bizia itzuli, baina posiblea da aldarrikatu zituen helburuak lortzea [...] Adierazpen honekin bat gatozenok dei egiten dugu indarrak batzera eta sen onarekin jokatzera eskaera hauek egia bihur daitezen".
Egitarau zabala
Adierazpena ezagutzera eman eta Del Estalen hilketa oroitzeko, ekitaldi bat baino gehiago egingo dituzte. Donostian, ekainaren 1ean egingo dute omenaldia Gladys Enea parkean, bizikleta martxa baten ondoren. Ondoren, bazkaria izango da Egia auzoan. Ekainaren 2rako, berriz, Bardeara martxa prestatu dute, eta beste omenaldi ere egingo dute Tuteran.
Ekainaren 3an, berriz, erakusketa bat zabalduko dute EHUren Informatika fakultatean, Donostian —hilaren 15era arte egongo da ikusgai—. Amaitzeko, Gladys Gogoan izeneko ekitaldia egingo dute Koldo Mitxelena kulturunean, 19:00etan.