Hezkuntza

Dena prest dute Errenterian Euskal Eskola Publikoaren jairako

Ekainaren 2an egingo dute EHIGE gurasoen elkarteak ikastetxe publikoekin elkarlanean antolatzen duen jaia, Errenterian. Makina bat taupada leloa aukeratu dute aurten. Ikusi bideoklipa albistearen amaieran.

Euskal Eskola Publikoaren jaiaren aurkezpena, gaur, Errenterian. ARANTXA IRAOLA
2019ko maiatzaren 23a
16:09
Entzun

Errenteriaren (Gipuzkoa) izaera aintzat hartuta, industrializazioari garrantzia eman nahi izan diote aurten Euskal Eskola Publikoaren jaiaren antolatzaileek, "herriko bereizgarri" dela iritzita. Horri lotuta prestatu dute Makina bat taupada leloa, eta pertsonaz osatutako engranaje bat aukeratu dute irudi modura. Gaur Errenterian egindako agerraldian azaldu dutenez, ohi bezala, "euskal eskola publikoa aldarrikatzea" izango da festaren helburua. 28. edizioa du, eta lehenengo aldiz egingo dute Oiartzualdean. Hainbat gunetan banatuko dute herria, egitarau zabalarekin.

Antolatzaileekin batera, Julen Mendoza alkatea izan da gaurko aurkezpenean, eta EIHGE guraso elkarteak egindako lana nabarmendu du. "Gure herria anizkuna da" oroitarazi du, eta azaldu du jaia ona izan daitekeela euskara, aniztasuna eta hezkuntza eredu berri bat aldarrikatzeko. Porrotx pailazoa ere izan da gaur Errenterian, eta haurrez inguratuta amaitu dute agerraldia.

Ohi bezala, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Trenen eta autobusen ordutegiak eskuragarri jarri dituzte horretarako. Renfen zein Euskotrenen, orduerdiro egongo dira trenak, eta eskola askotatik autobusak antolatuko dituzte.

Iaz, Lekeition (Bizkaia) egin zuten Euskal Eskola Publikoaren jaia.

Horra aurtengo bideoklipa:

[youtube]https://youtu.be/oyXIYogWNKs[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.