Zientziari buruzko dibulgazio programek egin zuten ezagun Eduard Punset dibulgatzaile katalana. Ugari izan ziren zientziari lotuta argitaratutako liburuak eta lanak ere. Horren aurretik, baina, Espainiako ministro ere izan zen Punset. Diktadura amaitu osteko lehen urteetan, Europarekiko harremanetarako ministro izan zen, eta, horren aurretik, baita Generalitateko Ekonomia kontseilari ere.
Bartzelonan jaio zen Punset, 1936an, eta Zuzenbidea ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Ondoren, Ekonomia Zientziak ikasi zituen Londresen eta Parisen, eta BBCn eta The Economist-en aritu zen kazetari gisa lanean.1996an hasi zuen Espainiako telebista publikoan Redes programa, eta, han, zientzia eta teknologiarekin lotutako gaiak jorratzen zituen. Horrez gain, izen bereko aldizkariaren zuzendari ere bazen, eta Grupo Punset ekoiztetxeko buru.
Familiak eman du gaur haren heriotzaren berri, Twitterren zabaldutako mezu batean. Hor azaltzen dute, Bartzelonan hil dela Punset, 82 urterekin eta gaixotasun luze baten ondorioz. Omenaldi gisa, telebistan eta jendaurrean egindako hainbat agerraldiren irudi bilduma bat egin dute.