Euskal presoak

Frantziak ebazpen judizial bategatik gerturatu du Mikel Karrera

Parisko Auzitegi Administratiboak onartu egin du euskal presoaren helegite bat. Lannemezanera eraman dute. Covitek dio erabakiak biktimei ez diela traiziorik egiten.

Presoen aldeko elkarretaratze bat Lannemezango espetxe atarian. BOB EDME
2019ko maiatzaren 22a
07:08
Entzun

Mikel Karrera Sarobe (Iruñea, 1972) Reauko (Frantzia) espetxetik Lannemezangora (Okzitania) ebazpen judizial bat betez gerturatu du Frantziak, eta horrek bide berri bat ireki du, Parisek duela urtebete pasa hurbilketak hasi zituenetik molde horretako lehen kasua baita. Karrerak Parisko Auzitegi Administratiboan helegite batean eskatu zuen senideengandik gertueneko kartzela batean egoteko, eta eskaera onartu egin zioten orain hilabete batzuk. Irmoa da ebazpena.

Consuelo Ordoñez Covite "terrorismoaren" biktimen elkarteko presidenteak ohar batean esan du Frantziaren erabakiak ETAren biktimei ez diela "inola ere traizio egiten", eta jakinarazi du Helene Davo Frantziako Justizia Ministerioko arduradunarekin hitz egin dutela. "Davok esan digu Auzitegi Administratiboaren ebazpenak behartu dituela neurri hori hartzera", adierazi du Ordoñezek.

Bake Bideak Twitterren azaldu du iazko azaroaren 23an Parisko Auzitegi Administratiboak emandako erabakiaren ondorioa izan dela hurbilketa. "Erabaki horrek, Mikel Karrera Sarobek Lannemezanera lekualdatzeko egin eskaerari Justizia Ministerioak eman ezezkoa atzera bota zuen". Aurrera begira baikor azaldu da Bake Bidea: "Erabaki hau aitzindari da, hurbilketarako eskaera hobesten baitu, familiarekiko distantzia kontutan hartuz. Justizia administratiboak [ETAren] borroka armatuaren bukaera eta armagabetzea kontutan hartu baditu, gauza bera espero dezakegu justizia penalarengandik. Justizia penalak ETAren desegiteak ekarri duen Euskal Herriko egoera berria kontutan hartuko duela espero dugu".

Karrera 2010an atxilotu zuten Baionan, eta bizi osorako espetxe zigorra ezarri diote birritan; 2013an lehen aldiz, eta 2015ean ondoren. Azken epaiketa horretan, Jean-Serge Nerin polizia frantsesa hiltzea leporatu zioten. 2017an, Nerinen hilketaren epaiketan, Izaskun Lesaka euskal presoak idatzi bat irakurri zuen, poliziaren hilketan eragindako "min politiko eta humanoa" aipatuz.

Frantzia iazko otsailean hasi zen euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzen, eta, orain, arte 25 gerturatu ditu. Mont-de-Marsanera, hamazazpi: Zigor Garro, Julen Mendizabal, Josu Urbieta, Raul Aduna, Jon Salaberria, Ekaitz Sirvent, Asier Borrero, Luis Iruretagoiena, Asier Ezeiza, Jurdan Martitegi, Aitzol Etxaburu, Igor Suberbiola, Ibon Goieaskoetxea, Ander Mujika, Fermin Martinez,  Zigor Merodio eta Jon Rubenach. Lannemezanera, zortzi: Jon Gurutze Maiza, Alberto Ilundain, Arkaitz Agirregabiria, Iurgi Garitagoitia, Asier Oiartzabal, Asier Bengoa, Javier Abaunza eta Mikel Karrera. Iazko urritik presorik gerturatzeke zen Frantzia. Haiez gain, Joseba Fernandez presoa Muretera eraman zuten, ordezkaritzarekin adostu gabe. Orain 25 preso daude bi kartzela horietan, Etxerat-en zerrendaren arabera.

Delegazioaren eskakizunak

Joan den astean, Bake Bideak jakinarazi zuen elkarrizketei ekin dietela berriro Ipar Euskal Herriko delegazioak eta Frantziako Justizia Ministerioak. Mahai gainean lau eskakizun jarri ditu delegazioak: urrun diren euskal preso gizonezkoak hurbiltzea, euskal preso emakumeak kartzela batean batzea, DPS neurriak kentzea, eta espetxean 30 urte daramaten Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Frederic Haranburu baldintzapean askatzea.

"Ordezkaritzak kontutan hartzen du Karreraren leku aldatzea. Aldaketa hau Justizia Ministerioaren eta Euskal Herriko ordezkaritzaren artean berriz abiatu den eztabaidaren ondorio bezala ikusi nahi du", esan du gaur Bake Bideak.

Eskakizun horiei bultzada emateko, datorren ekainaren 8rako Miarritzen giza kate bat osatzeko deialdia egin zuen Bake Bideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.