Udal eta foru bozak

Laukoak gehiengo osoa lortzeko aukerak ditu Nafarroan, EITB Focus inkestaren arabera

Navarra Sumak 16-17 parlamentari lortuko lituzke, Geroa Baik hamar, eta EH Bilduk bederatzi. Joseba Asironek Iruñeko alkate kargua berritzeko babes nahikoa lortuko luke.

jarraia166527.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko maiatzaren 18a
08:15
Entzun

Nafarroan gehiengo osoa eskura dezake aldaketaren gobernua osatu duen laukoak, Gizaker enpresak EITBrentzat egin duen inkestaren arabera. Baina, horretarako, laukoarentzako aurreikuspenik aldekoenak bete beharko lirateke; ikerketaren arabera, posiblea baita gehiengo osotik bi eserlekura gelditzea. Lehia estua aurreikusten du inkestak.

Navarra Suma izango litzateke hauteskundeetako indarrik bozkatuena, baina eskuineko alderdien baturak ez luke botoen ehunekoan hazkunderik ekarriko. Aldiz, behera egingo luke, %34,3tik %31ra. Parlamentuan, 16-17 ordezkari lortuko lituzke. Gora egingo lukete Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk. Geroa Bai ia hiru puntu haziko litzateke eta parlamentari bat gehiago eskuratuko luke. Antzeko hazkundea izango luke EH Bilduk ere, eta bederatzi eserleku izango lituzke. PSNek 2015ean baino ordezkari bat gehiago lortuko luke, eta zortzi parlamentariko taldea osatuko luke. Beherakada nabarmena izango luke, berriz, Elkarrekin Podemosek. Hiru puntu baino gehiago egigo luke behera botoen ehunekoan, eta zazpi parlamentari izatetik lau edo bost izatera pasako litzateke. Inkestak eserleku bat edo bi egokitzen dizkio Voxi, eta beste horrenbeste Ezkerrari.

Hain zuzen, zehaztu gabeko parlamentari kopuru horietan egongo litzateke gehiengoen gakoa Nafarroan. Laukoarentzako aurreikuspenik aldekoenekin, Geroa Baik, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Ezkerrak gehiengo osoa eskuratuko lukete, ozta-ozta, 26 ordezkarirekin. Beraz, laukoaren formula errepikatu eta aurreko legealdiari segida emateko moduan izango lirateke. Aldiz, laukoarentzako okerrenak liratekeen inkestaren emaitzak kontuan hartuta, 24 legebiltzarkide batuko lituzkete, gehiengo osotik bi eserlekutara. Kasu horretan, Navarra Sumak, PSNk eta Voxek laukoaren gobernua eragozteko gehiengoa osatu ahalko lukete parlamentuan.

Inkestak %71ko parte hartzea aurreikusten du.

Bestalde, Iruñeko Udalean alkatetza bigarren aldiz jarraian eskuratzeko aukera izango luke Joseba Asiron EH Bilduren hautagaiak. Navarra Suma izango litzateke indarrik bozkatuena Iruñean ere, baina nabarmen egingo luke behera boto kopuruan. %38,4tik %33,9ra pasako litzateke. Hau da, lau puntu eta erdi egingo luke behera. Hala ere, zinegotzi bat gehiago eskuratuko luke. 11 izango lituzke. EH Bilduk indartsu egingo luke gora, bai botoen ehunekoan (4,6 puntu gehiago), baita zinegotzi kopuruan ere. Bost ordezkari izatetik zazpi izatera igaroko litzateke. Geroa Baik bost zinegotzi izango lituzke, aurreko legealdian bezala. PSNri hiru edo lau egokitzen dizkio inkestak, eta Ezkerrari bakarra edo bat ere ez. Aranzadik kolpe handia hartuko luke, galdu egingo bailituzke azken legealdiko hiru zinegotziak. Elkarrekin Podemosek ere ez luke ordezkaririk lortuko.

EH Bilduren eta Geroa Bairen baturak (12 zinegotzi) gainditu egingo luke Navarra Sumaren ordezkaritza. Ezkerrak zinegotzi bat lortuko balu, 13 ordezkariren babesa jaso ahalko luke Asironek.

Iruñeko jarduneko alkatea da hiribururako hautagaien artean herritarren baloraziorik onena jaso duena. Hari segitzen diote Geroa Baiko Itziar Gomezek eta Ezkerrako Edurne Eginok. Enrique Maia Navarra Sumako hautagaia, berriz, laugarren tokian ageri da, PSNko Maite Esporrinekin berdinduta.

Nafarroako emaitzez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetako emaitzen inkesta ere kaleratu du aste honetan EITBk.

Inkestaren fitxa teknikoa

Nafarroan bizi diren 650 pertsona (Iruñean 400, eta Nafarroako gainerako udalerrietan 250).

La= ±% 3,84, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5 Nafarroako datuetarako; ±% 4,89 Iruñeko datuetarako.

Udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina. Inkesten % 9,1 euskaraz egin dira, eta gainerako % 90,9a, gaztelaniaz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2019ko maiatzaren 14ean eta 15ean egin zuten telefono bidezko elkarrizketak eginez.

Galdeketen batez besteko iraupena 3 minutu eta 24 segundokoa izan zen: motzenak 2 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 7 minutu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.