G7-aren goi bilera

Macron: "Ez dagokit niri espainiarrentzako amnistiarik erabakitzea"

Frantziako presidentea Baiona, Miarritze eta Angeluko alkateekin bildu da, besteak beste, abuztuaren 24tik 26ra Miarritzen egingo den G7 bileraren antolaketari buruz hitz egiteko. Presoen inguruan orain arte egindako bidea jarraituko duela esan du: "Baketze eta berradiskidetze hori laguntzeko xedea du gobernuak"

Emmanuel Macronen aurkako protesta, gaur, Miarritzen. EH BAI.
2019ko maiatzaren 17a
09:38
Entzun

Euskal Herriko bake prozesuaren inguruan mintzatu da gaur Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Miarritzera egindako bisitan; besteak beste, euskal presoak hurbiltzeko hasitako bidearen inguruan. "Hurbiltzeak errazteko gauza anitz eginak izan dira azken hilabeteetan, modu baretuan, erran nezake teknikoan, eta bide horretatik segituko du. Nik nahi dut bakoitzari eskubide zuzena emana izan diezaion, legeak erraten duena errespetatuz", esan du Macronek arratsaldean egindako agerraldian, eta "biktimen familiei ere entzun" behar zaiela erantsi du. Josu Urrutikoetxearen atxiloketaren inguruan ere mintzatu da: "Armagabetzearen ondorengo errekontziliazio politikoak ez du amnistia baten baliorik, eta ez dagokit niri espainiarrentzako amnistiarik erabakitzea. Eta kasu honetan horretaz ari gara".

Eguerdian ziren biltzekoak Macron, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako alkatea, Michel Veunac Miarritzeko alkatea eta Claude Olive Angeluko alkatea, Miarritzeko herriko etxean, baina azkenean 13:00ak pasata iritsi da Emmanuel Macron. Munduko herrialde boteretsuenak biltzen dituen G7 taldearen goi bilera antolatzeko elkartu da Frantziako presidentea hiru alkateekin. Arratsaldean, Macronek alde egin ondoren, elkarretaratzea egin dute G7 gailurraren aurka antolatu diren hainbat eragilek deituta. Macron kanpora lelopean elkartu dira dozenaka lagun, Clemenceau plazan, eta besteak beste, "Euskal Herria errespetatzeko" eskatu diote Frantziako presidenteari.

Macronen aurkako elkarretaratzea

EH Baik gogora ekarri du, izan ere, "ezberdintasunean oinarritua den eta multinazional eta aberatsenen interesen aldera jotzen duen sistema baten zerbitzura" ari direla mandatariak. Gainera, salatu dutenez, "erreformaz erreforma, euskararen kontra" egin du azkenaldian Frantziako Gobernuak. Josu Urrutikoetxearen atxiloketa ere ekarri du gogora EH Baik, eta hura salatzeaz gain, adierazi dute "bake prozesuaren kontrako eraso zuzen gisa" hartu dutela Macronen bisita.

Vincent Bru diputatua (Martxan) eta Frederique Espagnac senataria (PS) ere hartu ditu Macronek. Bileratik irtetean, besteak beste, segurtasunaz, turismoaz eta ingurumenaz aritu direla azaldu du Bruk. Euskararen inguruan "aurrera" egin beharraz edo euskal presoen egoeraren inguruan ere aritu direla aipatu du, eta esan du jarrera "ireki eta ulerkorra" agertu duela Macronek.

Horra adierazpenen bideoa:

[youtube]https://youtu.be/91g9_GmMCBw[/youtube]

Bileraren aurretik, herriko etxearen ingurura hurbildu dira hedabide ugaritako kazetariak eta G7aren kontrako protesta egitera joandako hainbat herritar. Poliziak herriko etxearen ingurua itxi, trafikoa eten eta jendez hustu du eremua.

Aldiz, En Marche alderdiko hainbat jarraitzaileri herriko etxera sartzen utzi diete.

Macron Pirinio Atlantikoetako Lurralde Departamentuko presidente Jean Jaques Lassarrerekin ere bildu da, erakunde horrek G7aren goi bileran izango dituen egitekoei buruz mintzatzeko. Horrez gain, Miarritzek G7aren bilerarako prestatuko dituen guneak ere bisitatu ditu. Tartean, ostalari eta dendarien artean bira bat egin du Macronek.

Mobilizazioak

G7aren kontrako plataformak elkarretaratzea deitu du gaur 18:00etarako, Miarritzeko Clemenceau plazan, "aberatsenen gailurra" salatzeko. "Gailur hau mendebaleko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa da eta badu berezitasun bat: Euskal Herrian izango da, kapitalismoaren kontrako eta beste mundu bat eraikitzeko borondatea sustraiturik eta bizirik diren lurraldean", adierazi du.

Bestalde, G7 Ez plataformak bilkura alternatibo bat antolatuko du Irunen eta Hendaian, bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko. Azaldu dutenez, proposamen "solidarioak, ekologikoak, feministak eta arrazakeriaren, inperialismoaren, autoritarismoaren eta kolonialismoaren aurkakoak" landuko dituzte. Bilkurak astebete iraungo du, abuztuaren 19tik 26ra.

"Aberatsenen eta multnazionalen zerbitzuko den sistema iraunarazteko elkartuko dira" G7ko potentziak, plataformaren esanetan. Salatu dute herrialde horien eredu ekonomikoak "sutan" jartzen duela mundua, "bizia eta klima sintsitzen" dituela eta desberdintasun sozialak eta pobrezia emendatzen dituela. "Zinismo handiz, desberdintasun sozialen kontrako borroka helburutzat iragartzen dute. Beraien diskurtsoek ez gaituzte engainatuko. Larrialdi soziala eta ekologikoa kontrajarriko diegu", adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.