Gipuzkoako Fiskaltza hainbat herritar ari da ikertzen, Ciudadanos alderdiak apirilaren 14an Errenterian (Gipuzkoa) egin zuen ekitaldiaren kontra izan ziren protestetan parte hartu zutela eta. Mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin zuten argitzeko ikerketa da Fiskaltzak abiatu duena.
Ikerketak Ciudadanoseko buru Albert Riverak aurkeztutako salaketa bat du abiapuntu. Protestak izan eta hiru egunera jarri zuen salaketa Riverak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Hainbat argazki eta bideo aurkeztu zituen froga modura. Antza, ikerketapean dauden herritarrak irudi horietan agertzen dira.
Riveraren salaketak dioenaren arabera, ehunka pertsona bildu ziren Ciudadanoseko kide eta jarraitzaileen aurka egiteko, eta "faxistak kanpora", "alde hemendik", eta bestelako oihuak egin zizkieten.
Fiskaltzak Ertzaintzari eskatu zion egun hartan jazotakoen inguruko txostena bidaltzeko, ekitaldian nahiz haren aurkako protestetan parte hartu zutenak identifikatzeko.
Riveraren bisitaren harira, besteak beste, xingola hori handiak jarri zituzten hainbat eraikinetan.