Hiru lagun atxilotu Guardia Zibilak Nafarroan, Naiz.eus hedabideak zabaldu duenez. Ustez, 21. Korrikan euskal presoen argazkiak erakusteagatik atxilotu dituzte Olaia Martinez de Lizarrondo, Pol de Miguel eta Fran Iso; Berriozarren atzeman dituzte azkenengo biak. Ustez, "terrorismoa" goratzea leporatzen diete. Hirurak aske daude jada.
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak zabaldu duenez, Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu dituzte, eta, iturri horren arabera, ikerketaren abiapuntua ETAren biktima batek aurkeztutako salaketa batean legoke.
Ohar batean, atxiloketak kritikatu ditu Sortuk, eta Guardia Zibilari egotzi dio, "zenbait indar politikorekin elkarlanean", hauteskunde kanpaina baliatu nahi izatea "nahasmena" eragiteko: "Euskal Herrian bake eta bizikidetza agertoki bat eraikitzeko guztien eskubideak bermatu behar dira, presoenak eta haien senideenak barne". Sorturen iritziz, "ezinezkoa" da agertoki hori eraikitzea presoen eskubideak "etengabe urratzen" badira "eta egoera bidegabe hori salatze hutsagatik jendea atxilotzen badute".
Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak, berriz, dei egin du euskal presoen argazkiak erakusten jarraitzera, uste baitu Espainia eta Frantzia presoen «izaera politikoa ukatu» nahian ari direla: «Estatuak errepresaliatu politikoen existentzia ukatzen buru-belarri daude, erakunde politikoen legez kanporatzeen garaian hasitako bidearen azken urratsak eman nahian».
Nafarroan egin zituen lehen kilometroak aurtengo Korrikak: Garestik abiatu zen apirilaren 4an, ostegunez, eta ostirala eta larunbata ere bertan egin zituen. Larunbatez igaro zen, esaterako, Berriozartik.
Aurreko edizioetan bezala, parte hartzaileek euskal presoen argazkiak erakutsi zituzten leku askotan, beste aldarrikapen ugarirekin batera. Euskal presoen argazkiak sarri egon dira Polizien eta auzitegien jomugan, batez ere, ezker abertzalearen legez kanporatze garaian.