Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egingo dituzte azaroan

Durangon dira topaketak, azaroaren 1etik 3ra, ‘Salda badago’ goiburupean. 11 urte igaro dira Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken topaketak egin zituenetik.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 11
08:10
Entzun

“Martxoaren 8aren ondoren, zer?”, galdera jaurtia zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Grebak izandako arrakastaren ondoren, urrats bat harago egingo du mugimendu feministak aurten: Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak antolatu dituzte azaroaren 1etik 3ra bitarterako, Durangon (Bizkaia). Ehunka emakume bildu dira gaur goizean ekitaldia aurkezteko egindako agerraldian.  “Euskal Herriko mugimendu feminista autonomoko kideak bilduko gara eztabaidatu, erabakiak hartu eta elkarrekin trebatzeko”, azaldu du Garazi Goienetxea Diezek.

11 urte dira, 2008an, Portugaleten (Bizkaia) IV. Jardunaldi Feministak egin zirenetik. “1.300 feminista elkartu ginen, eta prest gaude garaiak eskatzen digun erronkari heltzeko. Beraz, gure arteko adostasunak berretsiko ditugu azaroan, berriak ere eraikiko ditugu eta baita datozen urteetarako estrategiak adostu ere”. Azaldu dutenez, gaika egituratuko dituzte jardunaldiak. Bost ardatz landuko dituzte, zehazki: mugimendu feministaren barne egitura, bizitzak erdiguneratzeko neurriak, indakeriarik gabeko bizitzen eraikuntza, sexualitatea eta gorputzaren merkantilizazioa. “Antolatuta eta kementsu gaude, baina jardunaldien ondoren are gehiago sendotuko gara: neofaxismoaren aurrerakadaren aurrean, matxismoaren eta arrazismoaren kontra dugun estrategia askoz ere finduago egongo da”.

Salda Badago goiburua aukeratu dute jardunaldietarako. Lehengaia badagoela azaldu du Goienetxeak. “Gaur, lehen aldiz hartuko dugu salda, baina aspalditik dabil borborka. Azaroan gainezka egingo du, historikoak eta inflexio-puntuak ezarriko dituen jardunaldietan”.

Topaketen berri emateko webgunea ere aurkeztu dute gaur: www.saldabadagojardunaldiak.eus

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.