Auzitegiak

Epaiketari aurre egiteko "ilusioz eta indarrez" daude 11/2013 sumarioko auzipetuak

Irailaren 16an hasiko da euskal presoen eskubideen alde jardun duten hainbat eragileren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusatuek adierazi dute aste honetan haietako "askoren" etxera joan dela Espainiako Polizia, zitazioa ematera.

2019ko maiatzaren 9a
07:18
Entzun

Guztira, 47 lagun auzipetu ditu Auzitegi Nazionalak 11/2013 sumarioan. Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak dira. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatzen diete, eta fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du, denera. Auzipetzeak egin eta hiru urtera hasiko da makroepaiketa.

Auzipetuek ohar bidez adierazi dute elkartasun mezu eta keinu ugari ari direla jasotzen azken asteetan. Eskertu egin dute jasotako "berotasuna eta elkartasuna", eta adierazi dute "babestuak eta zainduak" sentitzen direla.

Hala ere, ez dute ezkutatu kezka sortzen diela epaiketak zer ondorio ekar ditzakeen. Azaldu dutenez, beraien aurkako "ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre egiteko" prestatzen ari dira, "ilusioz eta indarrez beteta". Horretarako, lantaldeetan antolatu dira, eta koordinazio bilerak egin dituzte, epaiketak berarekin dakarren "lan eskergari" ahalik eta ondoena aurre egiteko. "Elkar hartuz eta zainduz modu kolektiboan erantzungo diogu jazarpen honi guztiari", adierazi dute.

Arlo juridikoan, defentsa lanak prestatzen ari dira abokatuekin batera. Horrez gain, Auzitegi Nazionalera joan-etorrian ibiltzeko garraioa eta bestelako azpiegitura antolatzen hasiak dira. Auziak eragingo dien gastu ekonomikoa arintzeko moduak ere aztertzen ari direla jakinarazi dute. Eta salaketa politikoa ere egingo dute. Epaiketaren "bidegabekeria ikaragarria" azaleratu nahi dute, jasotzen ari diren elkartasuna antolatu eta "epaiketa honen oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko" eskatuko duen mobilizazio herritarra aktibatu. Jada hasiak dira prestalanetan.

Aurreratu dutenez, ekainaren 1ean xehetasun gehiago emango dituzte, Donostian egitekoa duten agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.