Lan gatazka

Funtzio publikoko lan baldintzen hobetzea galdegin dute Baionan

Funtzio publikoan ordezkaritza duten sindikatu guziek deitu dituzte gaurko grebara sektoreko langileak. 1.100 manifestari bildu dira Baionako karriketan.

jarraia166124.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko maiatzaren 9a
07:45
Entzun

Macronen gobernua zerbitzu publikoak pixkanaka "suntsitzen" ari dela, funtzio publikoan gero eta baliabide gutxiago dituztela eta langileen lan baldintzak "okertzen" ari direla salatu dute sindikatuek goiz honetan egin duten manifestazioan. Funtzio publikoan ordezkaritza duten sindikatu guziek deitu dute, hala nola, CFDT, CGT, FO, Unsa, Solidaires, eta LABek, nahiz eta sindikatu abertzalea intersindikaletik kanpo utzi duten beste behin ere.  Ohartarazi dutenez, beste "eraso" bat da Frantziako Gobernuak sektorean gauzatu nahi duen erreforma. "Emmanuel Macron eta bere gobernuak pribilegiatu gisa aurkezten gaituzte, gure misioak sinplifikatuak eta pribatizatuak izan behar direla erranez", salatu dute. Lan Burtsatik abiatu eta suprefektura arte egin dute protesta; Departamenduko Kontseilu aitzinean ere gelditu dira, haren agindupean ari direlako gizarte langile anitz. Sail elebiduneko euskarazko eta euskara irakasleek ekintza sinbolikoa egin dute mobilizazio bitartean, euskarazko irakaskuntza arriskuan dela ohartarazteko.

Jende andana elkartu dira Baionako karriketan, 1.100 lagun inguru, eta zerbitzu publikoak atxikitzearen aldeko eta lan baldintza hobeak exijitzeko aldarrikapenak izan dira nagusi. "Zerbitzu publikoak denean eta denentzat" mezua zeraman manifestazio buruko intersindikalaren pankartak.

Manifestariek funtzio publikoko beharginek egiten duten lanaren garrantzia eta balioa nabarmendu dute. Gogorarazi dute zerbitzu publikoak direla "arazo sozialei aurre egiteko tresnarik eraginkorrenak". Osasun zerbitzuetan ari diren langileek, erritmoa atxikitzeko ezintasunaz lekukotasuna eman dute: "Erizainek eta artatzaileek 70/80 paziente artatzen dituzte egunean. Kate lanean ari dira, nekatuak dira, ahituak", kontatu du Brigitte Bernard Onkologiako artatzaileak. Baldintza horien ondorioz, langile anitz zauritzen direla azaldu du, "fisikoki eta mentalki" nekatuak direlako. Ondorioz, anitzek geldialdia hartzen dute, baina , gero ez dute ordezkaririk lortzen. "Erraten digute ez dela aski jende prestaturik, edo ez dela dirurik". Frantxua Urdanpilleta, Baionako Ospitaleko erizaina da, Donibane Garazin egiten du lan. "Adineko baten garbiketa ezin da ordularia eskuan egin. Errentagarritasunaren izenean gero eta fiteago joatera behartzen gaituzte", deitoratu du.

Eskola publikoetako ikasleak ere mobilizatu dira gaurko manifestazioan, euskarazko eta euskararen irakaskuntza "arriskuan" dela salatzeko. Ekintza sinbolikoa egin dute Departamenduko Kontseiluan lehenik eta hilen monumentuan ondotik. Denak beltzez jantzirik, Julen Lekuonaren "Ez dut nahi" kantua kantatu dute hasieran, ondoren, koloretako zapiak atera eta Mixel Ducauren "kolore" kantari ekiteko. Irudikatu nahi izan dutena da, elebakartasuna beltza eta hitsa dela, eta eleaniztasunak haatik mundu koloretsuago bat eskaintzen duela. "Biodibertsitate linguistiko eta kulturala", eta "murgiltzerik gabe itoko zira" pankartak zeramatzaten..

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.