Liu He lehen ministrordea buru duela, Txinako ordezkaritza bat Washingtonen izango da ostegunean eta ostiralean, negoziazioen hamaikagarren saioan parte hartzeko. Asteazkenean ziren berriro biltzekoak, baina Pekinek bi aldiz pentsatu du elkarrizketekin jarraitu aurretik, ikusita Donald Trumpek muga zergak berriro handitzearekin mehatxu egin zuela igandean.
Txinako Gobernuak ez zion erantzun gogorrik eman Trumpi, eta, aurrekoetan ez bezala, ez zuen beste zigor neurriekin erantzun.
AEBetako presidentea txio batzuen bidez salatu du negoziazioak "oso motel" doazela, eta horregatik jakinarazi zuen ostiraletik bertatik Txinako hainbat produkturen gaineko inportazioa %25eko tarifa batekin zigortuko zuela, gaur egungo %10en gainetik.
Adierazpen horiek ez datoz guztiz bat Steve Mnuchin AEBetako Altxorreko idazkariak aurreko astean esandakoarekin. Negoziazioak "oso emankorrak" izan zirela esan zuen, eta ulertarazi zuen hamaikagarren elkarrizketa sorta erabakigarria izan zitekeela duela urtebete hasitako merkataritza gerra amaitzeko.