Maia Garcia-Vergniory eta Fernando de Juan ikertzaileen lana da Nature Physics aldizkarian argitaratu dutena. Beste hainbat zientzialarirekin batera ondu dute; Paul Scherrer, Max Planck eta Urbana Champaing ikerketa zentroetako adituekin batera aritu dira, bai eta Oxfordeko Unibertsitatekoekin ere. DIPC-ek zabaldu du ohar baten bidez zertan datzan aurkikuntzaren garrantzia; material berria aluminiozko eta plastikozko kristala da, "eskailera espiral itxurako konfigurazioa" duena, eta, horren ondorioz, orain arte zientzialariek ikusiko gabeko propietate elektronikoak ditu.
Adituen arabera, ordenagailu kuantikoen garapenerako aski garrantzitsua izan daiteke material berria, beste hainbat material topologikorekin batera. Ikerketaren lehen-lehen lerroan daude gaur egun material horiek eta zientzialari asko ari dira horiek aztertzen. Lan berri honekin material topologiko kiralen existentzia "frogatu" dute ikertzaileek, DIPC-ren arabera. Kiralitatea naturan ikus daitekeen gertakari bat da; eskuetan ikus daiteke, adibidez. Halaxe esplikatu dute zientzialariek: "Ezker eskua, esaterako, ez da eskuineko bilakatzen norabide ezberdinetan biratu arren, ispiluan islatu behar da horretarako". Bada, kontzeptu hori bera materialen esparrura eramanez, ikusi dute zenbaitetan kristaletan atomoek osatutako "irudizko espiralak" erlojuaren orratzaren kontrako norabidean biratzen duela modu aldaezinean, eta beste batzuetan, berriz, kontrakoan. Material mota horiek, hain justu, "osoi interesgarriak" direla uste dute zientzialariek.
DICP-eko bi ikertzaileek badute itzala. Garcia Vergniory-k, adibidez, L'Oréal-Unesco For Women in Science saria jaso berri du, eta hainbat sailkapenetan urteko zientzialari nabarmenenen artean sartu dute. Fernando de Juanek Espainiako Fisika Errege Erakundearen eta BBVA Fundazioaren saria jaso zuen orain urte bi.