Urrutikoetxeak helburu nagusia bete du: oparirik ez egitea. Buruz buru, horrek balio handia duela nabarmendu du zaratamarrarak, partidaren ostean. Pilota bizi irten zaio eskutik eta pozik geratu da kantxan izan dituen sentsazioekin.
Bengoetxea VI.a, berriz, ez da batere eroso aritu. Frontisetik urrun jokatu behar izan du eta erasoan saiatu denean, jokaldiak ez zaizkio nahi bezala irten. Urrutikoetxea gehiago izan dela onartu du, eta hura zoriondu du.
Finalerdietarako hirugarren sailkatua da Urrutikoetxea. Aurretik, txartela lortu dute Iker Irribarriak eta Joseba Ezkurdiak. Azken hori izango da Urrutikoetxearen aurkaria, maiatzaren 18an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Gaur osatuko da finalaurrekoetako laukotea. Danel Elezkanok eta Peio Etxeberriak elkarren aurkoa jokatuko duten kanporaketa irabazten duena izango da laugarren sailkatua. Irabazleak Irribarria izango du aurkari, hilaren 19an, Eibarko Astelehenan.