Europako Parlamenturako hauteskundeen atarian, EBren eta kide diren estatuen migrazio politikak salatzeko ekitaldiak egin dituzte Europako txoko ugaritan: Bartzelonan, Atenasen, Londresen, eta Italian, Serbian, Suedian... Baita AEBetako San Frantziskon ere. Euskal Herrian, Durangon (Bizkaia), Donibane Lohizunen, Miarritzen eta Hazparnen (Lapurdi) zituzten hitzorduak —herenegun, Iruñean ere egin zuten ekitaldi bat—. Eskuin muturra eta ideia neofaxistak indartzen ari direla ohartarazi dute Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkadarekin bat egin duten eragileek, eta haien diskurtsoek, zentro-ezkerreko eta eskuineko sektore batzuekin batera, migrazio politika bidegabeak areagotzen dituztela salatu dute. 200 erakunde eta plataforma baino gehiago batu dira deialdira.
"Migratzaile eta errefuxiatuenganako gorrotoa sustatzen dute", azaldu dute antolatzaileek, eta kritikatu dute haiei egozten zaiela bertako gizarteetako "gaitzen errua": langabezia, soldata baxuak, krisi sozial eta ekonomikoa, delinkuentziak eta matxismoak gora egitea... EBren politikek, gainera, giza eskubideak, bizia eta migratzeko eskubidea urratzen dizkietela salatu dute.
Eñaut Aramendik eta Edurne Larrañagak parte hartu dute Miarritzeko ekimenean#M5HerrienBesarkada#M5neofaxismoariPlanto
— LAB Iparralde (@LAB_iparralde) 2019(e)ko maiatzaren 5(a)
Inor ez da ilegala! pic.twitter.com/EdRd0EwOzT
Durangon, Ezkurdi plazan elkartu dira herritarrak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Caravana Abriendo Fronteras erakundeek deituta. Irrintzi batekin hasi, eta zortzi zutabetan banatuta egin dute Landako gunerako bidea, isilik, emakume batzuek bidean hildako migratzaileen izen-abizenak irakurtzen zituzten bitartean. Aurretik, Unai Iturriaga bertsolariak manifestuarekin lotuta idatzitako testu bat irakurri du jatorri palestinarreko neska durangar batek. Hor gertatu da eguneko lehen besarkada, haren eta Durangako bonbardaketa bizi izan zuen emakume baten artekoa.
Mugimendu ezberdinak irudikatu dituzte zutabe bakoitzean, zabaldu nahi izan duten mezuarekin lotuta: errefuxiatuak eta migratzaileak eta harrera egiten dutenak; feministak; kultura eta euskara; sindikatuak; baserritarrak eta ekologistak; giza eskubideak; pentsiodunak; memoria, egia, justizia eta erreparazioa... Durangoko bonbardaketaren biktimak ere presente egon dira, pertsona batek besarkatu baitu taldea haien izenean. Landako gunea inguratu dute zutabeek, eta barrura sartu ondoren, espiral batean biltzen hasi dira, Txoriak txori,Bella ciao eta beste hainbat kantu entzungai ziren bitartean. Irrintzi batekin amaitu da ekitaldia ere, besarkada erraldoia irudikatuta.
Hasi da !!!!#5MEuropeAntiracist#M5NeofaxismoariPlanto#5MAbrazoDeLosPueblos#M5EuskalHerriaBesarkada@Caravana_AF@Abrazo5M@MugakZabalduz@CanalMigrantes@ObrimFrontVlc@CaravanaObrim@ObrimFronteres_@BRE_redes@RSAcogida@RedMelillapic.twitter.com/XObhtoPlox
— OEE Gipuzkoa (@GipuzkoaOee) 2019(e)ko maiatzaren 5(a)
"Eliteen ardura da, ez migratzaileena"
"Krisi honen arduradunak Europa gobernatzen duten eliteak" direla nabarmendu dute, "eta ez migratzaile eta errefuxiatuak". Migrazioen jatorrian ere erantzukizuna haiena dela oroitarazi dute: EBrena, gobernuena eta transnazional handiena. Horregatik, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala "zorrotz" betetzeko, "mugen externalizazioa, europar armagintza eta arma-salmenta, baliabideen harrapaketa eta lurren lapurreta" geratzeko eta giza eskubideekin bat datozen migrazio politikak sustatzeko exijitu dute.
"Europan kriminalizatu egiten dute errefuxiatu eta migratzaileenganako elkartasuna", erantsi dute antolatzaileek: "Horregatik hartzen dugu konpromisoa, elkarrekin bizitzeko arau gisa, gorroto eta bazterkeriazko politikak errefusatzeko eta Europako bizimodu gisa gizatasuna eta elkartasuna defendatzeko".