Batzorde politiko bat, eta batzorde tekniko bat. EH Bilduk eta ERCk bi esparru berri horiek sortuko dituzte, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, "elkarrekin eta modu adostuan lanean aritzeko". Lantalde politikoan "estrategia adostua eta bakarra" landuko dute, eta teknikoan, berriz, eztabaidatuko dute nola gauzatu estrategia hori instituzioetan. Egitura horiek balioko lukete zehazteko Espainiako Kongresuan eta Senatuan eta Europako Parlamentuan egin beharreko lana.
Azken helburua, EH Bilduren esanetan, "Espainiako Estatuko gabezia demokratiko larriak gainditzea" izango da, batez ere "lurralde egituraketari eta nazioniztasunari, sistema ekonomiko eta sozialari eta autoritarismoak eragindako arazoei" dagokienez. Horretarako, "elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordioak egiteko" bidea ireki nahi dute, esparru guztietan.
Bartzelonan egin dute bilera, eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak bideokonferentziaz hartu dute parte. Bertan izan dira Pere Aragones, Marta Vilalta, Lluis Salvado, Mertxe Aizpurua, Adolfo Araiz eta Garikoitz Mujika.