1936ko gerratik, 2018ko maiatzaren 3ra —ETAk bere ibilbidea bukatu zuen eguna—. Denbora tarte hori jaso nahi du Thomas Lacoste zinemagilearen L’Hypothèse démocratique filmak (Hipotesi Demokratikoa), "Mendebaldeko Europako azken gatazka luzeenaren historia barnetik kontatzeko xedez". Lehen mailako eragile, lekuko, biktima eta analistei eman diete hitza; bi urteko lanaren ondoren, 70 lagun baino gehiago elkarrizketatu dituzte —250 bat ordu dauzkate grabatuta—, eta muntaketa fasean dira egun.
Besteak beste, hauek hartu dute parte: Kofi Annan, Brian Currin, Michelle O'Neil, Arnaldo Otegi, Jesus Egiguren, Iñaki Anasagasti, Mariano Rajoy, Jean-Rene Etxegarai, Anita Lopepe, Max Brisson, Itziar Aizpurua, Julen Madariaga, David Pla, Anaiz Funosas, Grazi Etxebehere...
"Hipotesi demokratikoa edo bere zortea eskutan hartu duen herri baten epopeia, Espainiako eta Frantziako Estatuek bakeari bizkar eman zietelarik". Begirada horretatik hurbildu dira egileak Euskal Herrira, azaldu dutenez, "momentu erabakigarri" batean: "Agertoki militarra agertoki politiko bilakatzearekin, Euskal Herriarentzat historia berria hasi zen". Izan ere, lurralde "xumea" izan arren, prozesua aldebakartasunetik egiteak munduko gatazka askorentzat "aukera guztiz berriak" ireki dituela uste dute egileek.
Hiru formatutan zabaldu asmo dute proiektua: telebistan, zineman eta sarean. Dokumental luze bat prestatzen ari dira pantaila handirako, eta formatu laburragoan emango dute telebistan. Web orrialde bat ere ondu dute, "pedagogikoa da eta ondareari buruzkoa", film luzearen osagarria eta segida gisa.
Bide bat baino gehiago zabaldu dituzte sustengua emateko ere. Internet bidez, txeke batekin edo DVDa aurrez erosiz egin liteke ekarpena. Proiektuaren webgunean jaso dute informazio guztia.