Hartza

Hartzak Larrainen ardi bat hil duela salatu dute laborariek

Zuberoako Pirinioetako herri horretako Elixabea baserriko artalde bati egin dio eraso hartzak, etxaldeko laborariak salatu duenez.

Larraine herriko etxalde baten ingurua hartzak egindako erasoa salatu dute. JOANES ETXEBARRIA
2019ko maiatzaren 2a
19:08
Entzun

Claverina hartzak ustez lehen erasoa egin du artalde baten aurka Zuberoan. Larrainen izan da gertakaria, Euskal Irratiek gaur jakinarazi dutenez. Hain zuzen ere, astelehen arratsaldean gertatu zen erasoa, Elixabea etxaldeko laborari Nicolas Bengoetxeak jakinarazi duenez. Bertsio horren arabera, ardi talde baten aurka ekin zion hartzak, eta haietako bat hil eta gainerako guztiak inguruotan barreiatuta utzi zituen.

Laborariak erasoa salatu du, eta suprefetak baieztatzea falta da. Joan den urrian Esloveniatik ekarri eta Biarnon (Frantzia) askatu zituzten bi hartz eme: Sorita eta Claverina. Soritaren arrastoa berriki topatu dute Ardiden gailurretik (Pirinio Garaiak, Frantzia) gertu. Bi hartz kume izan dituela jakinarazi dute agintariek. Claverina martxoan irten zen hartz zulotik. Aragoin (Espainia) negua pasatu zuen eta Euskal Herrira sartu zela jakinarazi zuten agintariek. Bi hartz emeek geolokalizadorea duen lepoko bana daukate, eta horri esker dakite nondik nora dabiltzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.