Bihar beteko da urtebete ETA desegin zela. Urteurren horri lotuta gogoeta plazaratu du Foro Sozial Iraunkorrak, eta nabarmendu du gizarte zibilaren garaipena izan zela hura, "ezinezkoa zirudiena ahalbidetu zuelako".
Baina oraindik ere badira askatzeke dauden korapiloak, eta gizarte zibilari dagokio horiei irtenbide bat ematea ere. "Gizarte zibilak, etorkizunari begira, oraindik askatzeke dauden korapiloen konponbidea ahalbidetu behar du. Hori baita berriro ez gertatzeko dagoen berme bakarra".
Gainditzeko geratzen diren oztopoak ere zerrendatu ditu Foro Sozialak: indarkeria mota guztietako biktimek duten egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea aitortzea; salbuespenezko espetxe politikak amaitzea; eta memoria bateratzailearen norabidean urratsak egitea, pairatutakoa ahaztu gabe, giza eskubideetan eta bakean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko.
Baikor agertu dira Foro Sozialeko kideak hauteskundeetako emaitzari dagokionez ere: "Herritarrek elkarrizketa lasaia eta adostasunak lehenetsi dituzte". Oso bestelako iritzia dute, ordea, kanpainari buruz. Onartezintzat jo dituzte, besteak beste, ETAren biktimen aurkako erasoak, edota Altsasu eta Errenteria bezalako heriak "estigmatizatzeko saiakerak", eta hausnarketa eskatu dute Donostian, Bilbon eta Errenterian gertatutakoari buruz ere.