Frantzian jokatuko da Munduko Kopa aurten, eta Aspuruk, Ziarrustak eta Ugartek ongi dakite kirol lorpen pertsonal bat lortzeko aukera izan daitekeela bertan lehiatzea. Ofizialtasunaren aldeko bidean, urratsa egitea erabaki dute, ordea, eta uko egin diote Espainiako selekzioan aritzeko hautaketa fasean parte hartzeari, argudiatuta selekzio horrek ez dituela ordezkatzen. "Soilik Euskal Herria ordezkatuz jokatuko nuke", adierazi dio Aspuruk Anboto agerkariari.
Aspururen iritziz, euskal kirolariek Espainiako selekzioarekin jokatzeak Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunik eza "normalizatzea" du ondorio, eta hari uko egitea, berriz, auzia gizarteratzeko eta "ofizialtasunaren aldeko kontzientzia sortzeko" baliagarria dela deritzo.
Aspuruk, Ziarrustak eta Ugartek Alfonso Sanz esku pilotako trinket jokamoldeko Espainiako hautatzailearen deia jaso zuten Aste Santuan. Hirurak ere maila handian ari dira lehiatzen. Datorren asteburuan, GRABNI —Gipuzkoako, Errioxako, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko— federazio arteko txapelketako finala jokatuko dute, Bizkaiko selekzioarekin, Hendaian. Aspuruk buruz buruko txapela jokatuko du, eta Ziarrustak eta Ugartek binakakoa jokatuko dute.
Pilotako euskal selekzioaren ofizialtasunari buruzko afera lehen lerrora eraman zuen Nazioarteko Pilota Federazioak Bixintxo Bilbaori jarri zion zigorrak. Urtebetez nazioarteko lehiaketetan jokatzea debekatu zion, Munduko Txapelketako finala irabazi ondoren podiumera ikurrinarekin igotzeagatik. Bilbaok BERRIAk argitaratutako elkarrizketan adierazi zuen zigorrak agerian utzi zuela "batzuek gordea duten gorrotoa". Pilotariak helegitea jarriko zuela iragarri zuen, eta Nazioarteko Pilota Federazioak atzera egin zuen. Ezarritako zigorra kentzea erabaki zuen azkenean.