David Pla

"ETA desegiteko erabakia estrategikoa izan zen, irabazteko anbizioz hartua"

ETAren ibilbidearen bukaera fasea gertutik ezagutu zuen Plak, konponbiderako haren ordezkaritzako kidea izan baitzen, nahiz eta 2015ean atxilotu egin zuten. Bihar da urtebete ETA desegin zenetik. Esan du modu eraikitzailean aritu zirela.

David Pla, asteartean, Hendaian. GUIILAUME FAUVEAU
enekoitz esnaola
2019ko maiatzaren 2a
07:07
Entzun

Gaur hamabost geratu zen libre David Pla (Iruñea, 1975), Frantzian, Osnyko kartzelan, zigorra beteta, baina Espainiako Estatuaren euroagindu eskaera bat noiz ebatziko dago. Ekainaren 5ean aztertuko dute gaia, Parisen. Bi aste hauek gertukoenekin egoteko eta bizimodu normalerako paperak egiteko baliatu ditu Plak.

Bost urteko kartzela zigorra jaso zenuen joan den otsailean, Parisen. Ustekabea, onerako?

Justiziaren ikuspegia ez da oraindik aldatu, baina bagenuen konfiantzarik ikusita auziaren bilakaera, Auzitegi Kriminaletik Korrekzionalera pasatu zutelako. Eman zezaketen zigorra mugatzen zuen horrek.

Epaileak zioen aintzat hartu zuela testuinguru politiko berria.

Bai, baina ez dute oraindik bere gain hartu. Falta da osotasunean hartzea.

Zer, zehazki?

Justiziaren bide arruntari heldu behar zaio, lehenik. Eta ezker abertzaleak aipatu izan du justizia trantsizionala ere. Zigorra eman ondoren baleudeke aukerak neurri batzuk hartzeko. Hor daukagu Ipar Irlandako erreferentzia: bi urtean atera ziren kartzelatik presoak. Hori litzateke hemengo logikari ondoen erantzungo liokeen formula.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza 30 urte preso daramatzaten lagunak baldintzapean aske uzteko eskatzen dabil.

Neurrietan aukera zabala egon daiteke, eta hori da bat. Frantziak presoen arloan eman ditu pauso batzuk, baina baldintzapeko askatasuna ukatu egiten du oraindik. Borondate politikoa behar da, eta guztiok ekin behar diegu konponbidearen gakoei. Horixe defenditu genuen guk epaiketan.

ETAren bukaera fasea ere azaldu zenuten Iratxe Sorzabalek eta biok. Zer helbururekin?

Iruditzen zitzaigun guk betetako mintzakidetzaren funtzioa esanguratsua zela, eta epaiketan aski jarrera aktiboa hartu genuen. Azaldu nahi izan genuen azken urteetan konponbide prozesuan zer egin duen ETAk, eta bi estatuen jarrera ez dela egokia izan. Epaile batek esan zigun egoera ez zela asko aldatu, Iratxe eta biok 2015eko irailean atxilotu gintuztenean sasian geundelako, paper faltsuekin eta beste. Erantzun genion orduan aldatzeke zegoela egoera hori, klandestinitatearena, baina begiratzeko beste aldaketak, 2010etik aurrera ETAren erabakiz gertatutakoak. Funtzionamendua bermatzeko beharrezkoa genuen klandestinitatean jarraitzea, eta guk hori ere aldatu nahi genuen; horretarako, trantsizio bat behar da. Baina atxilotu egin gintuzten.

Frantziako Estatuak berak aldatu zuen jarrera ETAren armagabetzearen bukaeran.

Bai. Harentzat erraz emateko pausoa zen, ETA desarmatzera baitzihoan. Armategia Frantziako Estatuan zegoen, eta, azkenerako, logika batean sartu zen Paris. Espainiaren jarrerari jarraitzeak oso egoera berezi batera eramaten zuen, eta bukaera denontzat onuragarria izan zen.

2010a aipatu duzu. Ezker abertzaleak orduko otsailean plazaratu zuen, barne eztabaida baten ondorioz, Zutik Euskal Herria adierazpena. Estrategia aldaketaren mugarri izan zen. ETAk aitortu izan du bera "jokoz kanpo" harrapatu zuela eztabaida formalaren hasierak, 2009ko udazkenean.

Egoera konplikatua zen ezker abertzalearentzat, baita ETArentzat ere. ETA gako horietan bazegoen jadanik, baina urratsak eta denborak ez ziren berdinak, eta egia da une batean ETA tokiz kanpo aurkitu zela eta bere lekuaren bila aritu zela. Baina jakin zuen egokitzen, eta bere tokia berreskuratu zuen; Euskal Herriak eskatzen zion erritmoetan kokatu zuen bere burua. Aski modu txukunean egin zuen bilakaera.

Eztabaidan ezker abertzalearen fronte politikoak hartu zuen ardura. 2004an jada, Anoetako proposamenean, egin zen rol banaketa hori, errei politikoa haren esku geratuta. 2009ra arte ez al zen erabat gauzatu?

Prozesu baten moduan hartu behar da hori ere. 2009-2010ean aldatu zen estrategia, baina hausnarketa batzuk lehendik zetozen. Anoetako hori da kasu bat, baina Lizarra-Garazi akordioaren hausturatik hasi zen mamitzen. Eraginkortasunera begira ere eman zen pauso hori. Eta bazen gogoeta mota gehiago ezker abertzaleko antolakundeetan.

ETAk izan ditu Espainiako Estatuarekin negoziazio edo elkarrizketa prozesu batzuk. Aipatu izan da ETA ez zela behar beste prestatuta sartu horietan, zenbait eztabaida artean egiteke zituelako.

Negoziazio eskema klasikoaren garaiak ziren haiek, aldebikotasunarena, eta, estatuarekin hitz eginda, akordio bat lortzen saiatzen zen. Horrek markatzen zuen prozesuaren arrakasta. 2011-2013 aldirako ere prestatu zen ETA-Madril mahai bat, Europako herrialde batean, baina orduan ere Madrilek ez zuen borondaterik izan mugitzeko. Kasu hartan, ordea, ezker abertzaleak estrategia aldatua zuen jada, ezkerreko independentismoa indartzeko eta askapen prozesua beste era batera jarraitzeko. 2013tik aurrera gehiago landu zen hori.

Lehenago egin behar al zen estrategia aldaketa?

Askotan aipatzen dira horrelakoak. Ez dakit nora eramaten gaituen horrek, geure burua zigortzera ez bada. Horrelakoak esatea bentajista izatea da, nire ustez. Hau da, esaten denean presoak askatzeko azken bagoia halako prozesutan pasatu zela, ni ez nago ados. Izan ere, aurreko prozesuetan Espainiako Gobernua posizio horietan al zegoen? Zalantza handiak ditut. Espainiak negoziazio prozesuak beti gerra ikuspegi batetik jorratu ditu, eta beti ezkerreko independentismoa ahuldu nahi izan du.

ETA artean ekinean zela, ezker abertzale zabaleko ildo batzuetan ere auzitan jartzen zen borroka armatua.

Bai, eta zatiketaren batzuk gertatu ziren ezker abertzalean. Denborarekin, baldintza politiko batzuk eskuratu izan dira estrategia beste bide batetik bideratzeko, eta, era berean, borroka armatua ardatz nagusi zuen estrategiaren agortze zantzuak azaldu ziren. Baliteke estrategia bost urte lehenago aldatu izan balitz guztia hobeto joatea, baina ziur ez dakigu; agian, orduan zatiketa ere gertatuko zen erakundean, pauso hori emateko artean ez zegoelako prestatua. Azkenean, denborak errespetatu egin behar dira. Lan handia egin da, eta oso baldintza konplikatuetan gauzatu da prozesua.

Jarduera armatua bukatu, eta 2011ko urrian itxaropenez joan al zen ETA Norvegiara Madrilekin hitz egitera?

Erakundeak bazekien Espainiako Estatua ez dela batere fidagarria. Gai teknikoez hitz egingo zen han, baina pisu politiko handikoak ziren, egoera politikoaren garapena asko markatzen dutelako. Erakundeak pentsatzen zuen lehen harreman batzuk behintzat egongo zirela, baina ez: ez zen gai horiez batere hitz egin, Madrilek ez zuelako nahi izan. Harritzekoa izan zen, Madrilek aurretik Europako herrialde batean negoziazio gune bat eratzeko oniritzia emana zuelako. Prozesuan murgildu ziren eragile guztiak harritu ziren. ETAren ordezkaritza hamasei hilabetez aritu zen han, lanean, eta Espainiako Estatuak sinesgarritasun handia galdu zuen.

2012ko martxoan tokatzen ziren Espainiako hauteskundeak. 2011ko azarora aurreratu zituen Zapaterok. Zuk uste 2012ko martxoan izan balira, Oslokoak ordura arte emango zuela zerbait?

Zalantza dut, Aietekoa urrian izan zelako eta tarte txikia zegoelako martxora artean. Aietekoa mamitzen ari zela jakin zen [2011ko uztailean] Zapaterok bozen aurrerapena iragarri zuela. Eztabaida bat izan zen, ez bakarrik ETAren barruan, eta nazioartekoekin-eta hitz egin zen egitura bat osatzen saiatu behar zela prozesuaren lehen urratsak egiteko, eta, behin dinamika bat abiatuta, gobernu berriari –espero zen PP jartzea– zailago jartzeko atzera egitea. Epe kontuak estuak ziren, baina Madrilek egin zitzakeen mugimendu batzuk; presoen arloan, bereziki.

Espainiaren jarrera hori ikusita, ETAk 2012ko udazkenean Frantziari proposamen bat egin zion. ETAk Parisi egindako aurrena ote?

Ez dakit zehazki hala izan zen, baina ez dut uste aurretik egin zionik. Armategi kopuru esanguratsu bat desegitea eskaini zion ETAk, elkarrizketa diskretuak hastearen truke. Parisek aitortu zuen proposamen sendoa zela, baina ez zuen ontzat jo.

Aieteko Adierazpena Frantziari ere zuzendu zitzaion. Zer garrantzi izan du gerora horrek?

Handia. Aurreko prozesuekiko aldaketa bat zen Aietekoa. Gatazka ez da bakarrik Espainiako Estatuarekin, Frantziarekin ere badago, baina egia da ezaugarriengatik negoziazio prozesuak Espainiarekiko egin izan direla. Aietek markatu zuen aldea, eta aipamen zehatza egin zitzaion Frantziari. Horrek aldaketa bat ekarri du praktikan, eta ondorio sakonak utzi ditu euskal lurraldean. Ikusi zer-nolako eragina izan duen Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako indar politiko eta sozialetan armagabetzean eta presoen auzian.

2013 hasieran, Osloko gunea desegin ondoren, ETAk berriro diseinatu al zuen bere zikloaren bukaera fasea?

Bukaerako diseinua ez zen izan bat-batean borobildu zen zerbait. Estatuen posizioak ez ezik, eragile politiko eta instituzional batzuena ere kontuan hartu behar ziren. Beraz, diseinua moldatuz joan zen erakundea. Hori bai, negoziazio gunearen desegiteak erabat markatu zuen hausnarketaren berritzearen beharra. Foro Soziala martxan zen, eta 2013ko maiatzean ondorio batzuk plazaratu zituen; besteak beste, ETAren armagabetzeaz eta desegiteaz. ETAk pentsatu zuen nola kokatu behar zen hor, eta erabaki zuen mugimendu sozialei loturik bideratu behar zituela bere ekinbideak, estatuekiko eredu klasikoa agortua baitzegoen. Gogoeta mamituz joan zen erakundea. Eta, lehentasuna emanik, desarmatze prozesuari ekin zion; hasieran, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin [NEB] armategiak zigilatzen, eta gero hasi zen jendarte sozialaren parte hartzea. Ikusi zen Euskal Herriari begira egin behar zela prozesua, herriarekin batera.

NEBen bidea trabatu egin zuen Madrilek, 2014 hasieran. Ezker abertzaleak Abian eztabaidaren (2015-2016) ondoren azkartu egin al zuen prozesua?

Estrategia aldaketa erabaki politikoa izan zen, eta konponbide prozesua ere egin nahi zen. Baina konponbide prozesuak ez zuen aurrera egiten, eta hori bazen oztopo bat estrategia aldaketaren garapenerako; eragin egiten zion proiektu politikoa gauzatzeari. Beraz, bere esku zeuden arloetan konponbiderako urratsak egingo zirela erabaki zuen ETAk. Oso garrantzitsua zen ziklo aldaketa ahalik eta azkarren burutzea.

2017ko otsailean zeuk Gara-ko elkarrizketa batean esan zenuen ETAk udaberri hartan hasiko zuela aurrera begirako gogoeta prozesu bat. ETA artean armagabetu gabe zegoen... Seguru ikusten al zen desarmatzea?

Aurrea hartu nahi izan genuen gogoetaren iragarpena eginda. Hau da, ez genuen nahi jendeak ondorioztatzea eztabaidak exijentzien kate bati erantzuten ziola; hau da, gogoeta iragarri gabe armagabetu, eta kanpotik batzuek presio modura erakundeari desegite faseari ekiteko exijitzea. Estrategia aldaketarekin eta askapen prozesuarekin lotzen zen eztabaida bat hasiko genuen, ETAri zegokiona eta ETAk bere kabuz hasiko zuena.

Baina, lehen esandakoa: artean armagabetu gabe zegoen ETA. Eta luzatuko balitz asko, zer?

Jendeak bazekien ETAk armagabetzearen pausoa emateko konpromisoa zuela. Erabateko konfiantza zegoen ETAren posizioekiko, eta lortu zen sintonia eta konplizitate bat. Baina, bai, luzatu zitekeen, erasoengatik edo arazo teknikoengatik, eta ikusi beharko litzateke nola kudeatu. Estatuen jarrera itxiaren aurrean, aukera bat izan zitekeen armategiak zeuden lekuan geratzea, baina horrek auzia itxi gabe utziko zuen, eta konfiantza arazo bat sor zitekeen. Jendarte zibilarekin eta nazioartearekin egin nahi izan zen desarmatzea. Eta luzatuko balitz ere, beste eztabaida ez zuen baldintzatuko funtsean, honek beste irismen bat zuelako eta erakundearen esku zegoelako gestioa. Ondo atera zen armagabetzea, eta bestea ere ongi joan zen.

ETA bukaera fase hori "mamitzen" ari zela gertatu zen Sorzabalen eta bion atxiloketa, Baigorrin, Nafarroa Beherean, 2015eko irailean.

Ikusi zen zein zen estatuen jarrera. Lau urte ziren ETAk jardun armatuaren bukaera iragarri zuela, eta...

Urte bereko abenduan publikoki jakin zen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zinela.

Talde horretan nengoen, bai. 2011-2013ko negoziazio gunean ere hala nengoen, eta segitu genuen, bazeudelako lan batzuk egiteko.

Bukaera fasean ETAren zuzendaritza Euskal Herrian kokatu zela esan izan da.

ETA beti egon da nagusiki Euskal Herrian. Errepresioa desitxuratzen ari zen egoera, atxiloketekin eman nahi zen itxura zelako ETAko militanteak urruti zeudela, Frantziaren bestaldean. Estatuek bilatzen zutena zen jendeak ikustea ETAko kideak deskonektatuak zeudela Euskal Herriarekiko. Prozesua Euskal Herrira begirakoa zen, eta horrek eskatzen zuen Euskal Herrian bertan egotea, harremanak izateko eta egoera sentitzeko. Beraz, erabakia izan zen Euskal Herrian kokatzea eta jarduera Euskal Herrira ekartzea.

Estrategia aldatu zenetik aurrera gertatu al zen hori?

Ez, geroago. Batik bat, Europako herrialde bateko negoziazio gunea desegin zenetik aurrera. Klandestinitatean zegoen egitura ahalik eta gehien Euskal Herriratzea erabaki zen. Arriskuak baziren, herri hau txikia delako geografikoki. Baina alde onak ere bazituen: konponbidearen alde ETA egiten ari zen lanak izan zuen harrera.

Hartu-eman asko egin al ziren eragileekin?

Konplikatua da halako egoeran zuzeneko harremana izatea, estatuek artilleria guztia martxan zutelako prozesu hura geldiarazteko. Harremanak modu ez-zuzenean gehiago egiten ziren.

Zer zioten eragileek?

Ideia nagusia zen estatuei ezin zitzaiela utzi Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatzen edo blokeatzen, ezin geniela utzi izorratzen, eta esaten zen bilatu behar zela modu bat aurrera egiteko. Gizarte zibileko jende batek konpromisoa hartu zuen. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ere konpromiso handia hartua zuen prozesua bururaino eramateko, baita 2014an Espainiako Auzitegi Nazionalak deitu ostean ere.

EAJrekiko eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekiko kritiko azaldu zen ETA.

ETAk esan zien ikusten zuela aukerarik Urkulluk lehendakari gisa rol garrantzitsu bat izateko, baina horretarako izan behar zuela jarrera bat, gogo bat. Guk ulertzen genuen EAJk kapitalizatu nahi izatea bukaera prozesua, EAJk bai baitu pisu handi bat herri honetan. Saiatu ginen modu eraikitzaile bat izanda haiekin informazioa partekatzen, baina gero filtrazioak ikusten genituen, eta, gainera, ETAren ekimen batzuk kamustera joan ziren. Hori ez zen modua. Izango dute konponbiderako nahia, baina konponbide eredu jakin bat nahi zuten: ezker abertzaleak faktura historikoa ordaintzea, eta etorkizunari begira ahultzea.

Urtebete da ETA desegin zela. Nola bukatu zuen?

Kontu jakina zen hori gertatuko zela. ETA bera joan zen bukaerako erritmoa eta gestioa markatzen. Jendeak gertatuko zena barneratzeko astia egon zen. Aieteren ondoren barneratu zen aldaketa handi batera gindoazela. Bukaerak ez zuen izan, beraz, inpaktu berezirik; inpaktua prozesu osoan izan zen. Nazioarteko eta euskal eragileekin egiaztatu zen amaiera, modu solemne batean.

Zer izan zen ETA?

Borroka armatua egiten zuen erakunde bat baino askoz gehiago izan da ETA. Antolakunde politiko bat zen, proiektu politiko jakin bat zuena —Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa—, eta, bere estrategiaren osagai nagusi gisa, borroka armatua egin zuen, estatua behartzeko agertoki demokratiko bat sortzera —autodeterminazio eskubidea eta Euskal Herriaren aitortza—.

Ez zituen helburu zehatz horiek lortu.

Ez, nabarmena da oraindik ez garela herri aske bat. Baina, ETAren sorreratik bukaera arte, ezker abertzalean eta askapen mugimenduan bilakaera bat izan zen: ETA ez zen hasierako antolakunde bakar bat, eta mugimendu oso bat sortu zen, antolakunde bakoitza bere funtzioarekin. Estrategia aldaketarekin, autodeterminazioa eta nazio aitortza lortzeko ETAren borroka armatuaren zeregina bukatutzat eman zen. Ikusten zen horiek lortzeko jada ez zela estatuekin negoziazio klasikorik egongo, eta ETA eragiletzat aitortuko luketen sektore batzuen posizioa ere eztabaidagarria zen. Beraz, ikusi zen ETAren zikloa eta funtzioa bukatutzat eman behar zirela, ez zelako bideragarritzat jotzen jarraitzea. ETArik gabeko agertokiak ere ez ditu ematen bermeak, hori badakigu, baina ezker abertzalean eta askapen mugimenduan badaude antolakundeak prozesu horren inguruan egituratuta.

Kontakizunaren bataila dago.

Batzuek garaipen-porrota eskema erabiltzen dute ETAren bukaera baloratzean. ETAk aspaldi utzi zion antolakunde huts bat izateari, eta haren bultzadarekin errealitate oso bat sortu da Euskal Herrian. Porrota eta garaipena neurtzeko oraindik beharko da denbora bat, baina ez ETAri dagokionez bakarrik. Prozesua irekita dago, eta, beste tresna batzuekin, gure nazioaren aldeko borrokak aurrera jarraitzen du. Batzuek kontakizuna ETAren desegitearen unean kokatzen dute; guk ez. ETA desegiteko erabakia estrategikoa izan zen, nazio askapenaren bidean segitzeko, irabazteko anbizioz hartua. Denborarekin neurtu beharko da ETAren erabaki estrategiko hori zenbaterainokoa izan den garrantzitsua.

Ba al daude prozesu independentista baterako baldintzak?

Gaur egun badago saio bat erabakitzeko eskubidea erdigunean jarrita burujabetza prozesu bat eraikitzeko, demokratikoa izango den prozesu bat, beste Euskal Herri bat eraikitzeko. Independentziara iristeko behar dugu burujabetza prozesu bat. Egiazko demokrazian sinesten duten indarren arteko metaketaren bila goaz. Estrategia aldaketarekin ez zen gatazka politikoaren konponbidea bakarrik bilatzen, bestelako aldaketak ere bilatzen zirelako Euskal Herrian, ikuspegi politikotik eta sozialetik.

Zer aldaketa nabarmenduko zenuke?

Nafarroakoa, adibidez. Lorpen handia izan da. Garai batean bazirudien Nafarroan indar espainolistak –nabarristak deitzen zirenak– zirela Nafarroaren esentzia eta benetakotasuna ordezkatzen zutenak, nahiz eta haien proiektua erabat Espainiaren menpekoa izan, baina ezker abertzaleak erabaki zuenean herrialde bakoitzak baduela erabakitzeko gaitasuna, nabarrismo hori tokiz kanpo gelditu zen, eta nabarrismotik espainolismora egin zuten urratsa, diskurtsiboki ere esanez Espainia osoak erabaki behar duela.

Nola dago ardatz nazionalaren kontua? Abertzaleen artean ez ote dago aski mentalitate autonomikoa?

Ezker abertzaleak Euskal Herria aintzat hartzen du, zalantzarik gabe. Estrategian egungo egoera instituzionala kontuan hartzeak baditu bertute batzuk. Prozesua ez da bakarra, errespetatu behar dira herrialdeetako egoera eta erritmoa, horrek indartzen ahal gaitu, baina horrek proiektu oso batekin lagunduta egon behar du. Lurralde batasuna josteko estrategia ere egon behar da, eta gaur egun ez da hori hain modu nabarmenean ikusten; sakondu behar da, ezin dugu galdu proiektu nazionala.

Arnaldo Otegik dio ezker abertzaleak duela 40 bat urtetik defenditutako balio sozial batzuk gaur egun indarrean direla gizartean.

Ezbairik gabekoa da balio batzuk hegemonikoak direla egun. Adibidez, feminismoa fenomeno handi bat da. Ezker abertzalearen proiektuaren funtsezko zutabe bat izan da; guk eraiki nahi dugun jendarte ereduarekin bat egiten du. Feminismoa ez da Euskal Herriko mugimendua bakarrik, baina Euskal Herriari begirako proposamenak ditu, eta prozesu nazional batean kokatzen du horrek. Aldi berean, ezker abertzaleari badagokio feminismoari proiektu erakargarri bat aurkeztea.

Zein da premia duen atala? Euskal presoena, akaso?

Preso politikoena konpontzea beti da lehentasuna, beti da premiazkoa. Ikuspegi humano eta politiko batetik, Euskal Herriak badu beharra presoak askatzeko; ezker abertzaleak, zer esanik ez. Auziari modu batean edo bestean bukaera eman behar zaion iritzia aski partekatua da Euskal Herrian. Jakina, gatazka politikoaren irtenbidea ere lehentasuna da ezker abertzalearentzat.

PSOEren gobernu berriarekin aukerarik ikusten presoenari konponbidea ematen hasteko?

Baldintza guztiak egon badaude. Euskal Herrian nahikoa adostasun dago, eta anbizioz ekin behar zaio estatuko agintaldi berriari. Antolatu beharra dago.

Ipar Euskal Herrian bezala mintzakidetza bat eratuta?

Onuragarria litzateke, baina ez dakit baden gogorik horretarako. Aski adostasun duen zerbait eraiki behar da; besteak beste, presoen adostasunarekin, haiekin batera eraikita. Presoen Euskal Herriratzeak behar luke lehen urratsa, baina luzatzen ari da eta perspektiba galtzera eramaten gaitu. Hau da, Euskal Herriratzea premiazkoa da, baina ez da konponbidea. Neurri sorta bat behar da.

Elkarbizitzarako ekarpena izan al zen eragindako kalteaz iazko apirilean ETAk plazaratutako adierazpena?

Zauriak ixteko eta elkarbizitzarako giro bat sortzen laguntzeko ekarpen bat egin zezakeela uste zuen erakundeak, eta horregatik atera zuen adierazpena.

Esan zezakeen gehiena esan al zuen? Eta gutxiago ezin al zuen esan?

Langen kontua da hori. Sinisten eta sentitzen zuena esan zuen ETAk, eta bere izaerarekin bat egiten zuen, betiere ikuspegi eraikitzailea izanik.

ETAk eragindako biktimen artean bazegoen bereizketa bat.

Baina bereizketa gatazka guztietan egiten da. ETAk ere ez zituen parametro berdinetan kokatzen borrokan hildako bere militanteak eta estatuko indar polizialek hildako beste herritarrak. Hala, ETArentzat ez ziren biktima berdinak berak helburu zituen haiek eta helburu ez zituenak. ETAk adierazpen horretan aitortu zuen bere ibilbide armatuan eragindako samin handia, esan zuen zinez sentitzen zuela, eta barkamena haren helburu ez ziren biktimei eskatu zien, gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten biktimei. Estatuak-eta planteatzen zuten ETAk bere jarduera osoaren gaitzespen bat egitea, baina ETAk hori ez zuen egin.

Prozesu politiko baterako zauriak sendatuxe daude ala oraindik denbora bat behar da?

Aldaketa politikoan aurrera egin nahi ez dutenek beti bilatzen dituzte faseak, lehenik gauza batzuk konpondu behar direla esanez. Jesus Egigurenek esan izan du hori, eta EAJk ere egin izan ditu proposamenak. Ez du zentzurik, ez bada aldaketa politikoa blokeatu nahi duzula. Herri kohesiorako egin daitezke gauzak, baina nik uste jendartean aurreratuta dagoela elkarbizitza.

Eragile politiko batzuek ezker abertzaleari autokritika eskatzen diote. Zer helbururekin?

Estrategia jakina dute: ezker independentista erdi bakartuta uztea etorkizunera begira, eragin eremua mugatuta. Ikusi norekin egiten dituen EAJk gobernabiderako akordioak; ezker independentistarekin ez.

Ezker abertzaleak berak aliantza abertzaleak, sindikalak eta ezkertiarrak eratzeko zailtasunak ez al ditu, batez ere EAEn?

Indar politikoen artean-eta harremanak badaude, baina batzuk beste norabide batean doaz, eta nahiago dute aliantzak ezker independentistarekin ez egin. Ezker independentistak eragile sozialekiko eta herritarrekiko komunikazioan sakondu behar du, eskaintza politikoaren bitartez.

Euskal Errepublika al litzateke eskaintza politiko hori?

Errepublikak hiru kontzeptu biltzen ditu: balio sozialak, bide demokratikoa eta burujabetza. Badute pisua eta mamia. Nire ustez, ezker abertzaleak eskaintza hori hobeto formulatu behar du, eta hobeto landu jendearekin eta mugimendu sozialekin.

Norabide horretan ongi al dago?

Ezker abertzalearen oinarri sozialari kostatzen ari zaio egokitzea. Aldaketa handiak gertatu dira, eta nik uste ezker abertzaleko jendeak oraindik ez duela hartu bere tokia behar bezala; ez naiz ari horrenbeste antolakundeez. Konponbidearen eremuan gauza batzuk ez zaizkigu ongi atera, eta ezinegon horrek baldintzatu egiten du norberaren aldartean, baina estrategia politikoaren helburua anbizio politikoz jokatzea da. Horri neurri berean erantzun behar zaio, borrokaren, jarreraren eta konpromisoaren bidez, eta indarrak metatuz. Grina berreskuratu behar da.

Aldebakartasunetik joz, desarmatzean Ipar Euskal Herriaren eta Frantziaren artean egon zen aldebikotasun bat, eta presoen auzian ere badago. Hegoaldeak lor al dezake Madrilekin biharko egunean?

Ez nituzke presoena eta gatazka politikoa maila berean jarriko. Presoenean errazagoa da mintzakidetza bat egotea. Beste gaiari dagokionez, beti ireki behar dira elkarrizketarako ateak, baina konplikatua ikusten dut Espainiako Estatuaren benetako demokratizazioa. Eskarmentua badugu hori esateko. Madrilek noizbait gatazka politikoaren konponbiderako urratsak egiteko jarrera badu, hausturaren aukera argi ikusten duelako izango du.

Bide demokratikoak aipatu dituzu lehen. ETAren erabakiarekin ados azaldu ez den jendeak bide armatuari ekiteko arriskurik ba ote?

Ezker abertzaleak ongi itxi zuen borroka armatuaren bidea. Oso sendoak izan ziren erabakiak, eta aurrera begira baliagarri izango zaio gauzak aztertzeko. Baina auskalo zer gertatuko den Euskal Herrian datozen hamarkadetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.