Nafarroa

PSOEk azken unean irabazi du bigarren diputatua, EH Bilduren kaltetan

Bina eserleku lortu dituzte Navarra Sumak eta PSOEk; eta Ahal Dugu-k, bat. Atzerriko botoaren bidez erabakiko da PSOEren eta EH Bilduren arteko lehia.

Bel Pozueta, Altsasun botoa ematen. JAGOBA MANTEROLA
Ion Orzaiz.
2019ko apirilaren 28a
11:36
Entzun

Navarra Suma izan da indarrik bozkatuena. Hura izan da hauteskundeetako irabazleetako bat Nafarroan, 107.000 boto eta bi diputatu lortuta. Hala ere, UPNk, PPk eta Ciudadanosek espero zutenetik urrun gelditu da koalizio espainiazalea, ez baitu lortu 2016an UPN-PPk lortutako emaitza hobetzea.

PSOErena izan da hazkunderik ikusgarriena, 2016ko 58.000 botoetatik 94.000ra igarota. Bi eserleku eskuratu ditu alderdiak Nafarroan, duela hiru urte baino bat gehiago. Unidas Ahal Dugu izan da hirugarren indarra, baina 2016an baino emaitza dezente kaskarragoak lortuta. Diputatu bat eta 68.000 boto (duela hiru urte, 95.000 lortu zituen).

EH Bilduk eskura izan du Bel Pozuetaren diputatu akta, baina azken unean galdu du, PSOEren bigarren diputatuaren mesedetan. Gau osoa toki batetik bestera saltoka eman du eserleku horrek, PSOEren eta EH Bilduren artean. Azken unean, baina, PSOEk eskuratu du. Botopaperen %100 zenbatuta, 408 botoren aldea egon da alderdi baten eta bestearen artean. Hortaz, berebiziko garrantzia eskuratuko du atzerriko botoen zenbaketak. Datozen egunetan zenbatuko dituzte horiek, eta ordura arte ez da jakinen nork eskuratu duen Nafarroako bosgarren diputatu akta.

Senatuari dagokionez, Navarra Suma koalizioarena izan da zerrenda bozkatuena, eta hiru senatari lortu ditu: Ruth Goñi, Alberto Catalan eta Amelia Salanueva. Laugarren senataria PSOEk eskuratu du: Antonio Magdaleno izanen da.

Bestalde, nabarmen igo da parte hartzea Nafarroan. Lautik hiruk bozkatu dute: hautes-erroldaren %75,82. 2016an, %67,40 izan ziren. 18:00etarako, hamarretik sei herritarrek emana zuten botoa —%60,97 izan dira guztira ordu horretarako—, 2016an baino 9,2 puntu gehiago. Urte hartan, ordu horretarako, 247.332 nafarrek eman zuten botoa, hauteskunde erroldan zeudenen %51,77.

Horren isla izan dira, goiz eta arratsalde, hainbat bozkalekuren inguruan sortu diren ilara luzeak, Iruñean, batez ere.

Hiriburuan, batez bestekoa baino gehiago igo da parte hartzea: %60,25 izan da 18:00etan, eta %51,57 izan zen 2016an. Altsasun, berriz, parte hartze historikoa erregistratu dute: %62,36 herritarrek eman dute botoa 18:00etan, duela hiru urte baino 12 puntu gehiago. Gainerako udalerri nagusiei dagokienez, antzekoa izan da goranzko joera: %61,28koa Barañainen, %62,04ekoa Atarrabian, %55,60ekoa Tafallan, %59,75ekoa Tuteran, eta %59,84koa Leitzan, besteak beste.

Duela hiru urte azken orduan parte hartzea hemeretzi puntu igo zela aintzat hartuta, gaur hori bera gertatuko balitz, %80ko parte hartze batera hurbilduko litzateke Nafarroa. Hala ere, erreferentzia gisa 2008ko hauteskundeak har daitezke. Urte hartan, 18:00etan parte hartzea %62,83 izan zen, eta azkenean datu osoa %77,59 izan zen.

2016ko hauteskundeetan, UPN-PP koalizioak bildu zuen boto gehien Nafarroan, eta bi diputatu lortu zituen (Carlos Salvador eta Iñigo Alli); haren atzetik, Ahal Dugu-k emaitza ona erdietsi zuen, eta beste bi diputatu bidali zituen Madrilera (Jone Belarra eta Eduardo Santos); PSNk, berriz, ordezkari bakarra lortu zuen (Jesus Mari Fernandez). Indar abertzaleek ez zuten ordezkaritzarik lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.