Mezuaren egilea

Lujanbio: "Erakundeetan ere jarri behar da arreta euskara benetan biziko bada"

Korrikako mezua irakurtzea "beste ezerekin konparatu ezineko ohore bat" dela aitortu du bertsolariak, euskal hedabideek elkarlanean egindako saio berezian.

Hodei Iruretagoiena
2019ko apirilaren 14a
08:42
Entzun

Mezua irakurri berritan, euskal hedabideek elkarlanean egindako zuzeneko saioan izan da Maialen Lujanbio bertsolaria. Egun berezia izan dela aitortu du: "Uste dut beste ezerekin konparatu ezineko ohore bat, eginkizun bat dela. Benetan ederra izan da ibilbidea, hemendik ikusten dena eta Korrikaren parte izatea”, esan du Ilaski Serranok eta Ekhine Atorrasagasti aurkezleek egindako galderei erantzunez.

Euskararen erabilera bultzatzeko, norbanakoek ez ezik, erakundeek ere konpromisoak hartu behar dituztela nabarmendu du Lujanbiok: “Azken urteetan, bai Euskaraldiarekin, bai Korrikarekin... Konpromiso indibidualetan pisu handia jartzen ari da, eta nik uste dut horrekin ez dugula nahikoa. Erakundeetan ere jarri behar da arreta, euskara benetan biziko bada". Sistema eragilea aipatu du mezu nagusian, eta bide horretatik eman du azalpena: "Norbanakotik harago, beste sistema eta egitura batzuei ere badagokie”.

Euskararen inguruan "gauza eder asko" egin direla ekarri du gogora bertsolariak, baina egiteko ere asko dagoela ohartarazi du: "Asko egin badugu ere nik uste ez dela aski; oraindik ez gaudela nahi dugun moduan, eta asko egin behar dela”.

Bertsolaritzaren eta euskararen arteko harremanaz galdetuta, "loturarik ez" dutela erantzun du bertsolariak, ohiko dotoreziaz: "Gure lehenagia gure hizkutza da, eta hizkuntzaren bidez sortzen ditugu hainbeste bertso eta hainbeste emanaldi. Bertsolaritzak ez du loturarik euskararekin; bertsolaritza euskaraz da. Erabat bat eginda sentitzen dut nik hori, ez dugu bat egin beharrik".

Zeledon: "Euskara da batzen gaituena"

Gorka Ortiz de Urbina Zeledon-ekin ere hitz egin dute Ilaski Serrano eta Ekhine Atorrasagasti aurkezleek. "Euskara da batzen gaituena", nabarmendu du Zeledonek: "Ia-ia Gasteizko festak bezalako izango da gaurkoa". Zelendonen kantua ere euskaratu zuten orain lau urte: “Inportantea da hori". Manu Bendala andaluziar euskaldunduarekin ere hitz egin dute: "Lehen momentutik maiteminduta geratu nintzen euskararekin. Argi nuen ikasi nahinuela, eta nik ere klika eginnuen momentu batean. Orain euskaraz bizi nahi dut [...] Beti gaizki moldatu naiz hizkuntzekin, baina nik uste gogoa dela kontua, pasioa jartzea".

Klika egitearen inguruan hausnartu du Karmele Jaio idazleak: "Etengabe ari gara erabakiak hartzen. Hizkuntzarekin ere oso inportantea da erabakia, ... norberarena, eta kolektiboa [...] Zerbaiten inguruan bagara zerbait, hizkuntzaren inguruan gara. Azken batean hizkuntzak batzen gaitu, baina pentsakeraz ere oso ezberdinak gara, eta eskerrak. Honek oso ondo adierazten du hori”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.