Espainiako bozak

Lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Bilbon, Voxen ekitaldian

Eskuin muturreko alderdiak goizean Donostian egin du mitina, eta dozenaka lagunek protesta egin dute. Santiago Abascal Voxeko buruak ondoren eskatu du Bilboko ekitaldian Poliziak indarra erabiltzeko.

Ertzaintza eta Voxen aurkako protestan bildutakoak, gaur, Donosiako Kursaalean. MAIALEN ANDRES, FOKU.
2019ko apirilaren 13a
08:55
Entzun

Vox Espainiako eskuin muturreko alderdiak arratsaldean Bilbon Gorteetarako hauteskundeetako mitin bat egin du, Euskalduna jauregian, eta protestara deitu dute hainbat eragile antifaxistek. Ertzaintza oldartu egin zaie horiei: pilotakadak bota ditu, lagun batzuk zauritu dituzte ertzainek, eta, gutxienez, lau atxiloketa izan dira. Bilboko kaleetan liskar handiak gertatzen ari dira.

Eguerdian Donostian egin du ekitaldia Voxek, eta han ere tentsio une batzuk izan dira. Ondoren, Santiago Abascal Voxeko presidentegaiak Twitterreko bere kontuan salatu du Eusko Jaurlaritzaren onespenez gertatu dela haien aurkako erasoa, eta eskatu du arratsaldean Bilbon antzeko egoera gertatuz gero Poliziak indarra erabiltzeko "proetarren" aurka.

Donostian 300 bat lagun elkartu dira Voxen ekitaldiaren aurka protesta egiteko. Manifestazioa egin dute aurrena, Antikapitalistak, Asade, Askapena, Askekintza, CNT, Donostiako Bilgune Feminista eta Ongi Etorri Errefuxiatuak eragileek deituta, Faxistak Euskal Herritik kanpora lelopean. Besteak beste, ikur antifaxistak, ikurrinak, Herrialde Katalanetako esteladak eta LGTBI kolektiboaren eta euskal presoen aldeko banderak hartuta joan dira, Kursaal jauregiko atariraino. Barruan ziren Voxeko jarraitzaileak. Ertzaintza manifestariak Kursaalaren ataritik kanporatzen aritu dira, bultzaka eta kolpeka, Irutxuloko Hitza-ren bideoetan ikus daitekeenez. Faxistak kanpora egin dute oihu protestara bildu direnek.

Barruan, Santiago Abascal Voxeko burua egon da ekitaldian, jarraitzaileekin batera. Ekitaldiaren amaieran, Espainiako banderekin atera dira, eta Ertzaintza antifaxistei oldartu zaie Voxekoak atera zitezen. Berri agentzien arabera, "enfrentamenduren bat" ere gertatu da protestan zirenen eta Abascalen jarraitzaileen artean, eta Ertzaintzak "bat edo beste" identifikatu du. "Ez du ezertarako balio", esan du Voxek: "Espainia biziak ez dio beldurik ez ezeri, ez inori".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.