Agerraldi bat egin dute Maddalen Iriarte, Pello Urizar eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek, estatus politiko berrirako lanen balorazioa egiteko. Iazko urriaz geroztik, bost adituz osatutako batzorde bat testu artikulatuaren forma ematen ari zaio Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak onartutako oinarriei, eta ekainera arteko epea dute horretarako.
Epea ekainean amaituta, lan horiek, "ahal duen neurrian, azkartzeko" eskatu die EH Bilduk adituei. Iriartek gogorarazi du zortzi hilabeteko epea eman ziotela aditu taldeari, eta ohartarazi "oraindik" ez dutela kapitulu "bakar bat ere" itxi. "Gogoeta bat" egin nahi izan du EH Bilduk horren inguruan, eta Iriartek nabarmendu du Autogobernu Lantaldeak aditu taldeari emandako mandatua "oso argia" zela eginbeharrak eta epeak zehazterakoan: "Mandatu hau betetzeko mandatu bat da".
"Gehiengo politiko zabalak adostutako akordio historiko bat da eta aukera ematen digu Espainiako estatuarekin beste harreman bat, berdinetik berdinerako harremana, gauzatzeko", erantsi du.
Ez dator bat, ordea, Eusko Jaurlaritza. EH Bilduri Gobernu Kontseilu osteko agerraldian erantzun dio Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak: esan dio adituek "aurrerapen batzuk" lortu dituztela "testu batzuen idazketan". Erkorekak zehaztu du Jaurlaritzak "interesez" jarraitzen duela gaia, baina aditu batzorde horrek Eusko Legebiltzarrari eman behar dizkiola eman beharreko azalpenak, ez Jaurlaritzari: "Iristen zaidan informazioa ez da ez dela ezer egin. Lan egin da, aurrera egin da testu batzuen idazketan. Mundu guztiak zekien egitekoa ez zela erraza izango". Erkorekak erantsi du "hauteskundeei lotutako adierazpen bat" izan dela EH Bildurena.
Iazko uztailean itxi zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko berrirako oinarriak. Nagusiki EAJk eta EH Bilduk adostu zituzten, eta eskubideen atalean bat egin zuen Elkarrekin Podemosek ere. Irailaren 12an, oinarriak onetsi zituen Autogobernu Lantaldeak, eta egun horretako bileran eman zion aditu talde bati eginkizuna: "Talde teknikoak indarrean dagoen autonomia estatutua erreformatzeko lege proposameneko testu artikulaturako hasiera idatziko du, Euskadiko autogobernua eguneratzeko legebiltzarreko ponentziak onartutako oinarri eta printzipioekin bat. Era berean, adostutako oinarriak errespetatuz, aukera aztertuko eta ahalegina egingo du horien eta aurkeztutako boto partikularren artean bat datozen puntuak aurkitzeko. Helburua da, posible bada, dagoeneko lortutako adostasunak zabaltzea".
Bost adituak Mikel Legarda, Iñigo Urrutia, Arantxa Elizondo, Alberto Lopez Basaguren eta Jaime Ignacio del Burgo dira.