Seigarren eguna du gaur Korrikak, erdikoa. Araban barrena dabil bart gauean Sakanatik sartu ondoren, eta bihar Bizkaian sartuko da. BERRIAren webgune berezia eta Facebookeko kontua Korrika zuzenean eskaintzen ari dira.
Igandean, berriz, Dato kaletik barrena iritsiko da azken kilometrora 21. Korrika, Gasteizko hiria zeharkatu ondoren. Andre Mari Zuriaren plazan egingo ditu azken pausoak euskararen aldeko ekitaldiak, eta han egingo dute amaierako festa. Dena prest dute, Korrikako arduradunek gaur egindako agerraldian azaldu dutenez. Egun osoko festa "handia bezain berritzailea" izango dela aurreratu du Ilune Basterrak.
Andre Mari Zuriaren plazako amaierako puntuaz gain, zazpi gune prestatu dituzte igandeko festarako. Eguerdian hasita, ekitaldiak egingo dituzte Foruen plazan, Plaza Berrian, Aihotz plazan, Landatxo kiroldegian, Buruleriak plazan, Probintzia plazan eta Posta kalean. Besteak beste, herri bazkaria, tonbola, Korrikaren ahizpen erakusketa, emakume bertsolariak, Mice eta Koban taldeak, artisauak arituko dira gune horietan, eta egun osoan zehar izango da animazioa. Korrikaren webgunean jarri dituzte xehetasun guztiak.
Hiriaren erdigunean sakabanatuko da festa, beraz. Arduradunek nabarmendu dute "publiko desberdinei begirakoa" dela egitaraua, eta gasteiztarren eta arabarren parte hartzea lehenetsi dutela, emakumeena bermatzeaz gain. Korrikako antolatzaileek gogora ekarri dutenez, "Gasteiz eta Araba osoa euskararen hazkundearen eredu" izan dira azken urteetan. Hala, 21. Korrika Gasteizen bertan bukatzea "sekulako pizgarria" dela aitortu dute.