Tentsio handiko saioa izan dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Lehen puntua: 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legea moldatzen duen arauari buruzko behin betiko bozketa. Legeak aurrera egin du, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Puntu gehienen aurrean abstenitu egin dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, eta kontra bozkatu du PPk.
Horraino, dena normal. EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak hitza hartu duenean, ordea, liskarrak piztu dira. Arzuagak "erabateko arbuioa" agertu die Espainiako segurtasun indarrei, eta "lobby nazkagarria" egitea egotzi die segurtasun indarren biktimek aitortzarik jaso ez dezaten. Arzuaga hizketan ari zen bitartean, PPko ordezkariak protestan hasi dira. EH Bilduko diputatuari "nazkagarria" esan diote eta egoera "jasan ezina" zela kexatu ondoren, Parlamentutik irten dira.
El @PVasco_EuskoL ha aprobado la ley de #víctimasdelEstado, un paso necesario pero insuficiente porque perpetúa la #impunidad de los autores de graves vulneraciones de DDHH.
— EHBildu Legebiltzar (@ehbildu_legebil) 2019(e)ko apirilaren 4(a)
En defensa de las víctimas, @julenaretakoa se ha plantado ante los defensores de la impunidad @jusapolpic.twitter.com/3h8GdOiGFR
Bitartean, gonbidatu gisa aretora joandako Espainiako segurtasun indarretako elkarteetako ordezkariak zutitu egin dira eta Arzuagari bizkarra ematen jarri dira. Une batean, EH Bilduko parlamentariek salatu dutenez, erdiko hatza erakutsi du polizia elkarteko ordezkarietako batek. Haiek, baina, ukatu dute halakorik eta esan dute egin duten keinua —hatzak pistola baten gisan jarrita— Justapol polizia elkartearen lehen letrarena izan dela.
Arzuagak leporatu die polizia elkarteei "terrorismoa ezkutatu" nahi izatea. "Zuek zarete Nurembergen epaiketa egin zelako protesta egin zenuten naziak; niretzat zuek zarete giza eskubideak onar ez daitezen borrokatzen zareten frankistak. Lotsagarria da, onartezina eta nazkagarria". Tejeriak arreta deitu dio Arzuagari "nazi" hitza erabili izanagatik, eta eskatu du gaur Parlamentuan entzun diren irainak ez daitezela aktan jaso.
Eztabaida amaituta Jone Goirizelaia EH Bilduko parlamentariak kritikatu egin du eztabaida amaierako aktak aldatzeko Tejeriaren erabakia, eta gogorarazi du ez dela halakorik sekula egin, eta aldiz, araudiak ahalbidetzen duela "ekitaldiak oztopatzen duten gonbidatuen aurka" egitea. Kasu honetan ere, hitza kendu dio Tejeriak.