Foru hauteskundeak

Barkosek dio datorren legealdian ere "aniztasuna" islatuko duela parlamentuak

Nafarroako foru bozetarako dekretua sinatu du Uxue Barkos lehendakariak, eta aurtengo urtea "gakoa" izango dela nabarmendu du. Maiatzaren 10ean hasiko da hauteskunde kanpaina.

Uxue Barkos lehendakaria, gaur, Nafarroako foru bozetarako deialdia sinatzen. NAFARROAKO GOBERNUA.
2019ko apirilaren 1a
07:23
Entzun

2015eko hauteskundeek "egoera konplexua" ekarri zuten Nafarroako Parlamentura, baina, "zatiketa" baino gehiago, Nafarroaren "pluraltasuna" ikusi du Uxue Barkos lehendakariak azken legealdiko parlamentuaren osaeran. "Ez daukat dudarik maiatzean hautetsontziek utziko duten hurrengo parlamentuak ere gure komunitatearen aniztasun hori islatuko duela". Hala adierazi du gaur Barkosek, maiatzaren 26ko foru hauteskundeetarako dekretua sinatu berritan.

Nafarroako Jauregian egin dute ekitaldi instituzionala, gaur goizean. Barkos ez ezik, bertan izan dira, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez eta Manu Aierdi eta Miguel Laparra gobernuko lehendakariordeak ere. 2019a urte "gakoa" izango dela nabarmendu du Barkosek: "Nafarroako hiritarrek hilabeteko epean aukeratuko dituzte ordezkariak, instituzio guztietan".

Horrenbestez, martxan da Nafarroako Parlamentarako ordezkariak aukeratzeko prozesua. Maiatzaren 10ean hasiko da kanpaina ofiziala, eta, behin bozak egin ondoren, ekainaren 19an egingo dute parlamentua osatzeko bilkura.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.