Auzitegi Nazionalak martxoaren 7an eman zuen Altsasuko auziaren gaineko azken epaia. Baztertu egin zuen gazte auzipetuei terrorismo delitua leporatzea, baina berretsi egin zituen bi eta 13 urte arteko espetxe zigorrak. Erabaki horri helegiterik ez aurkeztea erabaki du Fiskaltzak. Beraz, ontzat eman du gazteei terrorismorik ez leporatzea, auziaren hasieratik delitu terroristak egin zituztela adierazi izan badu ere. Herri akusazio gisa ari den Covite elkarteak, berriz, Auzitegi Gorenera jo du zigor handiagoak eskatzeko. Haren arabera, terrorismo delitua egotzi behar zaie Altsasuko (Nafarroa) gazteei, hango Koxka tabernan bi guardia zibilek eta beren bikoteek jasan zuten erasoarengatik.
Gazte auzipetuen defentsek ere helegitea aurkeztu dute Gorenean, absoluzioa eskatzeko. Epaia kaleratu ondoren, Amaia Izko defentsa abokatuak adierazi zuen Auzitegi Nazionalaren epaiak "kontakizun artifizial" bati erantzuten diola, eta biktimen testigantza lehenetsi dela "kontakizun puztu bat justifikatzeko". Gazteen gurasoek nabarmendu zuten beren seme-alabei terrorismo delitua ezarri ez badiete ere "terroristak bezala" epaitu dituztela.
Joan den igandean, Altsasuko kaleak bete zituen gazte zigortuen aldeko manifestazio batek. Altsasu Gurasoak plataforma deitzailearen arabera, 60.000 lagun inguru batu ziren. Antolatzaileak "eskertuta" eta "hunkituta" mintzatu ziren jasotako babesa eta elkartasunagatik. Gazteei ezarritako "zigor neurrigabea" salatzen jarraituko dutela ziurtatu dute.