Bi urte barru, 2021. urtean, hiru urteurren esanguratsu izango dira Mexikoren historiari lotuta. 200 urte beteko dira Mexikok independentzia aldarrikatu zuela, 500 urte Espainiak Tenochtitlan —gaur egungo Mexiko Hiria— konkistatu zuela, eta 700 urte Tenochtitlan fundatu zenetik. Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak 2021. urtea "adiskidetzearen urtea" izan dadila nahi du, baina, horretarako, beharrezkotzat jo du aurretik barkamena eskatzea. "Garaia da adiskidetu egingo garela esateko, baina, lehenengo, eska dezagun barkamena".
Hori dela eta, Lopez Obradorrek eskutitz bana bidali die Felipe Borboikoa Espainiako erregeari eta Frantzisko aita santuari, "bidegabekerien kontakizuna egin eta jatorrizko herriei barkamena eskatzeko, orain giza eskubide deritzen horiek urratzeagatik".
Mexikoko presidenteak adierazi du Amerikaren "konkista" edo "aurkikuntza" gisa izendatu ohi dena "inbasioa" izan zela egiaz. Erasoa "ezpatarekin eta gurutzearekin" egin zela nabarmendu du. Salatu du "hilketak" egin zirela eta "inposizioak" ezarri, eta elizak eraiki zituztela hango herrien tenpluen gainean.
Presidenteak aurreratu du Mexikok ere barkamena eskatuko duela, herrialdearen independentziaren ostean estatuak jatorrizko herrien kontra sustatu zuen "errepresioarengatik".
Espainiako Gobernuak ohar bidez erantzun dio Lopez Obradorren eskariari. "Atsekabea" agertu du egin dituen adierazpenengatik, eta "irmotasunez gaitzetsi" ditu presidentearen argudioak.
Lopez Obradorrek bere Twitter kontuan zabaldutako bideo batean egin ditu adierazpen horiek. Bideo horretan, Mexikoko Memoria eta Kultura Koordinazio Nazionaleko buru Beatriz Gutierrezekin ageri da. Senar-emazte dira Gutierrez eta Obrador. Grabazioan, Tabasco estatuko gune arkeologiko batean daude biak, eta presidenteak azaldu du Centlara bidean daudela, hango batailaren bosgarren mendeurrenaren harira ekitaldi batean parte hartzekoak baitira. Centlako gudua izan zen Mexikoko konkistako lehena.