Eutanasia

Maribel Tellaetxe hil da, eutanasia zigorgabetzeko eskatu zuen sendiko alzheimerdun andrea

Gaur arratsaldean hil da Portugaleteko (Bizkaia) andrea. Aski aurreratua zuen alzheimerra, eta eutanasia zigorgabetzeko eskatu zuten haren senideek. Froga ugari dituzte erakusteko haren borondatea zela ez horrela bizitzea.

David Lorente Tellaetxe, familiaren etxean, amaren aurretiazko borondateen agiria erakusten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2019ko martxoaren 6a
07:54
Entzun

Arratsaldean hil da Maribel Tellaetxe, Portugaletekoa (Bizkaia), Santurtziko ospitalean. Alzheimerduna zen Tellaetxe —duela hamabi urte diagnostikatu zioten gaitza—, 75 urte zituen, eta haren sendiak kanpaina sendoa hasi zuen eutanasia zigorgabetzeko eskatuz. Besteak beste, 182.000 sinadura aurkeztu zituzten Espainiako Kongresuan. Portugaleteko Udalak ere egin zuen eskaria: eutanasia legeztatzeko bertan bidea egiten ari zen lege proiektuaren tramitazioa desblokeatzeko eta onartzeko. Sendiak agerraldi bat egingo du bihar 11:30ean, Portugaleteko udaletxean, "gure amatxuk eta gure familiak jasan duen injustizia krudela" salatzeko. Deialdian aurreratu dutenez, eutanasia zigortzen duen legearen aurkako borrokan jarraituko dute, Tellaetxeri "bizi amaier krudela" ekarri diolako.

Alzheimerrak erasanda zituen soa eta solasa Tellaetxek urtarrilean, BERRIAk bisitatu zuenean. Zituen argialdi apurretan aparteko nahigabea erakusten zuela azaldu zion David Lorente Tellaetxe (Portugalete, Bizkaia, 1970) semeak. "'Hau ikaragarria da', esaten du: 'Non nago? Zer ari zait gertatzen?'. Noizbehinka irribarre bat ateratzen zaio, baina gehienetan larrimin betean sentitzen dugu: klaustrofobia psikologiko baten antzeko zerbait da. Desorekatuta sentitzen da: nahigabetuta. Sarri adierazi nahi du zerbait, baina ezin du. Inpotentzia hori jasanezina da; guretzat, eta harentzat. Tortura psikologiko etengabea da".

Gaitza aurreratuta zuen ordurako, eta amak argi adierazita laga zuen, gainera, ez zuela horrela bizi nahi: hain galduta. Idatzizko agiriak dituzte hori erakusteko. Horregatik, sendiak eutanasia eskatzeko kanpaina bat hasi zuen: SOSAmatxu blogean ari dira hedatzen dituzte mezuak. Sinadura bilketa bat ere hasi zuten: 182.000 sinadura inguru lortu zituzten.

Argi utzi nahi izan dute beti: ez daude gaitzak eragiten duen minak blokeatuta. Iragana da hori. Aspaldi sartu zitzaien eritasuna etxean: hamabi urte inguru dira amari diagnostikoa egin ziotela, eta horrekin bizitzeko ahaleginetan murgilduta egon dira ordutik. "Diagnostikatu ziotenean, hasi zen gaixotasunari aurre egiten. Euskara berriro ikasten, ingelesa, sudokuak egiten... Adimena lantzen. Horrekin, eritasunaren bilakaera asko moteltzea lortu genuen", azaldu zuen Lorentek. Endekapenak bere bidea egin zuen, baina ongi ikusten zuten oraindik ama. "Ezin zuen ulertu film bat, edo ezin zuen elkarrizketa bat jarraitu, baina bere senideen edo lagunen elkartasuna sentitzen zuen: pozik zegoen". Aitaren ondoan musika talde batean abesten jardun zuen, esate baterako, bolada batean. "Musikarekin lotutako memoria izaten da galtzen den azkenetarikoa. Ez zen gai gauza berriak ikasteko, baina abestiak-eta ikas zitzakeen. Gauza asko ahazten zitzaizkion ordurako, baina abestien hitzak-eta ongi oroitzen zituen...".

Ez dute dudarik: urte askoan eritasuna "ondo" eraman zuen amak. "Ondo konpondu ginen. Baina, une batetik aurrera, ez da bizimodua". Lehen ez bezala, "sufritzen" ikusten zuten ama, eta horrek eraman zituen urratsa egitera: eutanasia eskatzera. Urtarrilean, zaintza aringarriak jasotzen ari zen ama, eta horiek egiten dioten ekarpenarekin "pozik" zeuden, baina senideek argi zuten haren nahia harago zihoala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.