Arkitektura

Arata Isozakik irabazi du Pritzker 2019 saria

Egile oparoa, itzal handikoa eta moldakorra izateagatik saritu du epaimahaiak 87 urteko arkitektoa. Ehunka obra ditu mundu guztian zabalduta; tartean, Isozaki Atea du Bilbon.

Arata Isozaki, Bilbon, Isozaki Atearen inaugurazioan, 2007an. CHEMA MOYA / EPA
2019ko martxoaren 5a
17:40
Entzun

Ekialdeko eta mendebaldeko kulturen artean egindako zubi-lana ere aitortu diote sariarekin Isozakiri. Nazioartean lan egin duten arkitektoen lehen belaunaldikoa da, eta haien artetik bera zen orain arte sari entzutetsua jasotzeke zuena. Haren lan nabarmenduen artean daude, besteak beste, Oita jaioterriko liburutegia, Bartzelonako Palau Sant Jordi eraikina eta Los Angelesko MOCA Arte Garaikidearen Museoa.

Bigarren Mundu Gerrak suntsitutako Japonian hazi zen Isozaki. Bere hitzetan, "zero eremu batean, hutsaren ideiak markatutako eremuan". Arkitektura ikasi zuen Tokion, eta gazte hasi zen mundura irtetzen hainbat arkitektura lan ezagutzeko. "30 urteak betetzerako, jada emanak nizkion hamar buelta munduari", esan du sariaren berri izatean. Hala hasi zen ikuspegi global bat lantzen, eragin zuzena izan duena xehetasunari eta testuinguruari lotutako bere lan egiteko moduan. Hirigintzari lotutako teoriengatik ere ezaguna da.

Estilo bat baino, ideiak izatea nahiago duela esana du Isozakik. Biei esker egin du, baina, Pritzkerrek saritu duen hamarkadetako bidea. Lekuan arrastoa uztea ez, lekura moldatzea bilatu du bere proiektuetan, obrak inguruko paisaiarekin bat egitea. “Arkitektura baldintzen arteko oreka da. Estilo zehatz bat gabe aske sentitzen naiz; hori da nire estiloaren oinarri bakarra”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.