Osakidetza

Fiskaltzak delitu zantzuak ikusi ditu Osakidetzako lan eskaintza publikoan

Salatu du Osakidetzako zuzendaritzak erabaki zuela nortzuek prestatuko zituzten azterketak, eta, kasu batzuetan, epaimahaietako kide gisa ere izendatu zituztela. Hiru zerbitzuburu egin ditu azterketen filtrazioen erantzule.

Osakidetzaren oposizio bat, 2018ko ekainean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
jokin sagarzazu
2019ko otsailaren 18a
07:06
Entzun

Fiskaltzak bukatu du 2018ko ekainaren hasitako ikerketa, eta delitu zantzuak aurkitu ditu: zehazki, sekretuak ezagutarazteko delitua. Txostena auzitegi batera bidaliko du, instrukzio epaileak egitateak ikertu eta dagozkion erantzukizun penalak erabaki ditzan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du baloraziorik egingo txostena jaso eta aztertu arte.

Fiskaltzak begiz jo du Osakidetzako Zuzendaritza. Bere idatzian esaten du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eskatu arren espezialitate medikuetako azterketak egiteko, «azkenean benetan eta izatez» Osakidetzako Zuzendaritzak erabaki zuela «azterketa nortzuk prestatuko zituen»: «Honek pertsona zerrenda bat eman zien, espezialitateko bana. Izen horiek eman zituztenak izan ziren Giza Baliabidetako zuzendaria eta uzendariordea eta Osasun Arretako zuzendaria».

Fiskaltzaren arabera, hiru zerbitzu buru izan ziren ustez azterketen edukien filtrazioak egin zituztenak honako sail hauetan: Anestesiologia eta Erreanimazioan, Angiologia eta Kirurgia Baskularrean, eta Digestio Aparatuan.

Gainera, fiskaltzak esaten du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ez zekiela jasotako zerrenda horretako pertsonak gero epaimahaiko kide ere izango zirela zenbait kasutan. Halaber, salatu du Osakidetzak epaimahai kalifikatzaileen erabakian esku hartu zuela, eta ez zuela modu homogeneoan jokatu: kasu batzuetan erabaki zuela Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestatuko zituela bi azterketak, eta beste batzuetan epaimahaiaren esku utzi zuela bigarren azterketa.

Osakidetzan egindako LEP handiena izan zen iazkoa, baina polemikak inguratuta egon zen hasieratik. Anestesia espezialitateko azterketarekin lehertu zen: proba egin baino lehen, notarioarenera jo zuten hautagai batzuek, eta idatzita utzi zuten nortzuek gaindituko zuten azterketa; asmatu egin zuten. Mediku espezialisten beste arlo batzuetara ere zabaldu ziren susmoak —notetan agertutako alde handiak hauspotuta, besteak beste—, eta Osakidetzako langile batzuen testigantzek berretsi zuten halako filtrazioak «ohikoak» izan direla urteetan.

Sindikatuek hemeretzi kategoriatan atzeman zituzten filtrazioak edo irregulartasun zantzuak, baina Osakidetzaren barne ikerketak zortzi diziplinari baino ez zien erreparatu. Hiru espezialitatetako azterketak berriz egin behar zirela ebatzi zuen Osasun Sailak, baina horietako bat bertan behera utzia du Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 3. zenbakiko Epaitegiak behin-behinean: filtrazioen inguruko auzia epaitegietan argitu arte probarik ez errepikatzea erabaki du.

Dimisio eskaerak

ELAren arabera, fiskaltzaren txostenak eragin behar du Jon Darpon Osasun sailburuaren «kargugabetzea», hura delako «gertatutakoaren arduradun nagusia». Halaber, sindikatuak salatu du lan eskaintza publiko honetan gertatutakoa ez dela «fenomeno bakana», sistema «ustel» baten «beste adibide bat» dela, eta erantzule zuzenak hiru zerbitzuburu izan arren, horiek Osakidetzako Zuzendaritzaren «erabateko babesa» izan zutela. CCOOk ere galdegin du Darponen dimisioa. LABek eta ESK-k eurek jarritako salaketaren inguruko ikerketen emaitzak ezagutu arte itxarongo dute balorazio bat egiteko.

Alderdi politikoen artean, berriz, PPk dio fiskaltzaren txostenak «jauzi kualitatibo» bat suposatzen duela auziaren bilakaeran. «Delituez hitz egiten du, ez irregulartasun administrazio soilez». Eta «larritzat» jo du Darpon sailburuaren jarrera, ez duelako «egia» esan orain arteko agerraldietan. EH Bildurentzat, berriz, ezinbestekoa da argitzea «erantzukizun politikoak», eta lan eskaintza publikoen diseinua berrikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.