Frantziak Espainiaratu egin du Asier Bengoa Lopez de Armentia euskal presoa, Espainiako Estatuan ezarrita daukan kartzela zigorra osorik bete dezan. Lannemezan (Okzitania) espetxean zegoen Bengoa gasteiztarra, eta handik lehenik Donostiako komisaldegira eraman dute, gero Soto del Realen (Madril) sartzeko preso.
Espainiako Poliziak 2003ko apirilaren 1ean atzeman egin zuen, ETArekin lotuta, baina hiru urtera epaiketa egin eta berehala, epaia jakin baino zerbait lehenago, behin-behinean aske geratu zen 2006ko azaroaren 7an. Ihes egin zuen Bengoak. Zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak urte hartako azaroaren 21ean, ETAri laguntza ematea leporatuta. 2007ko abenduan Frantziako Estatuan atxilotu egin zuten. Hamabost urteko zigorra ezarri zioten Frantzian; amaitu zaio, baina ez dute libre utzi, Espainiaratu egin dutelako han daukan zigorra betetzeko.
Iazko uztailean Clairvauxeko espetxetik Lannemezangora hurbildu zuten, Parisen eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren elkarrizketen ondorioz.