Atarrabiako (Nafarroa) elkarte, erakunde eta eragile ugarik egin dute bat Aingeru Zudaireren salaketarekin. Hura babestu, justizia eskatu eta bestelako polizia eredu baten beharra aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, epaitegien aurrean. Zudaire 2012ko irailaren 26an zauritu zuten, Iruñeko Sarasate pasealekuan —greba orokorrerako deialdia zegoen egun hartan—. Espainiako Poliziak pilotakada bat bota, eta aurpegian zauritu zuten; begi bat galdu zuen Zudairek.
Gaur hasi dira gertakariak epaitzen. Polizia bat dago auzipetuta, eta fiskaltzak haren absoluzioa eskatu du, argudiatuta polizien oldarrialdia neurrikoa izan zela, eta ez zela deliturik izan. Gainera, pilotakada auzipetuak bota ote zuen frogatzerik ez dagoela azaldu du.
Fermin Otamendi instrukzio epaileak hiru aldiz artxibatu zuen auzia, baina 2017ko urtarrilean, Nafarroako Auzitegiak atzera bota zuen auzia ixteko erabakia, Zudaireren defentsaren helegite bat aintzat hartu ondoren. Gaur hasi dute epaiketa, Zudaire zauritu zutenetik sei urtera.
Nafarroako Foruzaingoak 2016an ordezkatu zituen gomazko pilotak, foam jaurtigailuekin.
Auzia ez ixtea erabaki zutenean, hala adierazi zuen Zudairek BERRIAn: "Ez nuen honaino iristea espero, eta hemendik aurrera egiten dugun guztia pizgarri bat izango da niretzat". Bideoa: Zudaire, 2016ko martxoan, BERRIAri emandako elkarrizketan (Lara Madinabeitia, BerriaTB).
[youtube]https://youtu.be/TL_TZ9dvvUk[/youtube]