euskal presoak

Espetxeetako Instituzioek beste lau euskal preso gerturatuko dituzte

Olga Comes eta Iratxe Yañez Villabonara (Asturias) lekualdatuko dituzte, Josu Ginea Leonera eta Aurken Sola Burgosera. Madrilek azarotik sei preso gerturatu ditu, eta, gaurkoekin, bederatzi hurbilketa iragarri.

Orain Presoak dinamikaren manifestazioa, urriaren 20an, Donostian, euskal presoen auziarentzako konponbide bat eskatzeko. JON URBE, FOKU
enekoitz esnaola
2018ko abenduaren 20a
09:15
Entzun

Espainiako Espetxeetako Instituzioek iragarri dute "ETArekin lotutako" beste lau preso —Euskal Herri inguruko kartzeletara— lekualdatzeko agindu duela: Olga Comes, Leondik Villabonara (Asturias); Josu Ginea, Almeriatik Leonera; Aurken Sola Campillo, Algecirastik Burgosera; eta Iratxe Yañez, Almeriatik Villabonara. Espetxeetako Instituzioek diote laurek kartzelako araudia onartu dutela. Haien kartzelako tratamendu batzordeek egin zituzten lekualdatze proposamenak. EPPK-ko kideak dira guztiak. Bigarren graduan jarriko dituzte, halaber.

Comes 2012an sartu zuten preso, armategia izatea egotzita, eta bederatzi urteko kartzela zigorra du. Datorren urteko urrian beteko ditu hiru laurdenak.

Ginea 2010etik dago espetxean, hamabi urteko kondenarekin, armategia izatea eta desordenu publikoak eragitea egotzita. 2019ko apirilean beteko ditu hiru laurdenak.

Sola Campillo 2008an sartu zuten preso, eta hogei urteko kondena du, armak eta lehergaiak izatea egotzita. 2023an kunplituko ditu hiru laurdenak.

Yañez 2010etik dago kartzelan, hogei urteko zigorrarekin, armategia izatea eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. 2025ean beteko ditu hiru laurdenak.

Espetxeetako Instituzioek azarotik sei euskal preso gerturatu dituzte Euskal Herrira, eta, gaurkoekin, bederatzi hurbilketa iragarri. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren pean dagoen erakundea da.

BERRIAk duela hiru aste argitaratu zuen tratamendu batzordeak presoei jakinarazten ari zaizkiela bigarren graduan jarriko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.