Musika

"Etenaldi mugagabea" iragarri du Berri Txarrak taldeak

Datorren urtean Ikusi Arte Tour 2019 bira egingo du, 25. urteurrena ospatzeko, eta horren ostean etorriko da etenaldia.

jarraia160412.jpg
Miren Garate.
2018ko abenduaren 12a
13:52
Entzun

"Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa, horren konplikatua eta sinplea da" esanez iragarri du Gorka Urbizuk Berri Txarrak-ek etenaldi mugagabea hasiko duela datorren urtean. "Hogeitaka urtetan atsedenik hartu gabe aritu ondoren, egunetik egunera nekezagoa zait higadura emozional eta fisiko honi aurre egitea. Oraintxe bertan gure erritmoak ez doaz parean eta ez gaude %100ean jarraitzeko moduan", gaineratu du. Zaleekiko "errespetuagatik", onena eten bat egitea dela erabaki dute.

25 urte beteko ditu datorren urtean taldeak,  eta hori ospatzeko antolatu duten bira luzearen ostean etorriko da etenaldia. Ikusi arte Tour 2019 izena jarri diote birari, eta "zinez berezia" izango dela iragarri du. Datozen egunetan emango dituzte birari buruzko xehetasunak.

Urbizuk gogoratu duenez, 17 urteko mutikoa zen hasi zenean, eta ordutik milatik gora kontzertu eman dituzte Euskal Herrian nahiz atzerrian. Bederatzi disko, dokumental bat eta bilduma bat ere atera ditu urteotan taldeak. "Momentu batetik aurrera ezbaian jarri behar da ia dena. Erabaki beharra dago beti atezuan dagoen inertziarekin ze harreman eduki nahi duzun. Aroak ixten asmatu eta berriak abiatzen saiatu. Bestela esanda: ikasten segi".

Adierazteko molde berrien bila jarraituko duela azaldu du, "exigitzea zilegi den gutxieneko hori elikatzen jarraitu ahal izateko: kantuak sortu eta jendearekin partekatzeko desioa, alegia". Helduko direla doinu berriak iragarri du, "noiz eta nola ezin jakin momentuz".

Sare sozialetan asko izan dira taldearen erabakia atsekabez hartu dutenak eta esker oneko mezuak helarazi dizkietenak.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.