'Cabacas auzia'

Bi urteko zigorra ezarri diote ofizial ohi bati, eta absolbitu egin dituzte gainerakoak

Juan Jose de Pablo ofizial ohiak ez du espetxera joan beharko. Lau urteko inhabilitazioa ere ezarri diote. Auzipetutako beste hiru agenteak eta tarteko bi arduradunak absolbitu egin ditu Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Akusatu guztientzako absoluzioa eskatu zuen Fiskaltzak, eta launa urteko espetxe zigorrak eta seina urteko inhabilitazioak akusazioak. Iñigo Justizia ekimenak protestarako deia egin du biharko.

Epaiketako une bat. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2018ko azaroaren 29a
07:15
Entzun

Bi urteko espetxealdiarekin zigortu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Juan Jose de Pablo ofizial ohia, Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz hil zen gauean gertakarien tokian zegoen polizia arduradun nagusia. Ofizialak ez du espetxera joan beharko. Lau urteko inhabilitazioa ere ezarri dio —ofizial ohia erretiratuta dago—. Helegitea jartzeko aukera izango du Espainiako Auzitegi Gorenean.

Cabacas auziko epaiak absolbitu egin ditu gainontzeko akusatuak. Bai pilotak jaurti zituztela aitortu zuten hiru agenteak, baita tarteko bi arduradun ere.

Iñigo Justizia ekimenak protesta ere iragarri du biharko. Justizia hau zaborra da lelopean egingo dute mobilizazioa, 17:00tean, Albia lorategietan —Cabacasen auzia epaitu duen epaitegia dagoen lekutik gertu—.

De Pabloren deklarazioa guztiz aldendu zen gainerako auzipetuek epaiketan adierazitakoetatik: Operatibo hartan mailarik gorena zuenak —betiere operatiboa Deustuko ertzain etxetik zuzentzen zutenen aginduetara— gogor kritikatu zituen operatiboaren antolakuntza, han aritu ziren zenbait ertzainen esperientzia falta eta Deustuko ertzain etxetik eman zioten "denarekin sartzeko" agindua.

Ofizial ohiak adierazitakoaren arabera, lau furgoneta bideratu zituzten Athletic eta Schalke 04 futbol taldeen arteko partidaren operatiborako, 12, 13, 14 eta 15 zenbakidunak, hain zuzen; bera 12. furgonetako arduraduna zen, eta, aldi berean, hara bidalitakoen artean mailarik goreneko agentea ere bazen. Berak esan du horrek ez zuela operatiboaren tokiko arduradun bilakatzen, baina gainerako akusatuak ez dira horretan bat etorri eta hura jo zuten arduradun nagusitzat. Hala egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ere.

Cabacasen gurasoek epaia ezagutu aurretik ere bazuten susmoa De Pablo bakarrik zigortuko zuela auzitegiak. Hala adierazi zioten BERRIAri, azaroaren 16an argitaratutako elkarrizketan. "Bera izan da aurpegia emateko barrenak izan dituen bakarra. Saio batzuetara etorri zen, eta, komunerako bidean gurutzatzen ginenean ez zidan izkin egiten. Bitxia bada ere, litekeena da bera izatea zigortuko duten bakarra. Gainerakoek atzeko atetik ihes egiten zuten. Lotsagarria".

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek zauritu zuen Iñigo Cabacas Lizeranzu, eta bost egun geroago hil zen. Sei urte eta erdi itxaron behar izan dute haren senide eta lagunek epaiketa has zedin. Bidea ez da erraza izan, oztopoz beterik egon baita.

Instrukzio faseak iraun zuen bitartean, ezagunak egin dira Ugarteko ezizeneko ertzainburua, gau hartan operatiboaren arduradun izan zena, eta hark emandako aginduen grabazioak. Akusazio partikularrak hura ere epaitzeko eskatu zuen. Baina eskaera atzera bota zuten eta ertzainburua ez da akusatuen aulkian eseri. Lekuko gisa deklaratu du, ordea.

Urriaren 15ean hasi zen epaiketa eta azaroaren 9an amaitu zen Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuen akusatuentzat, "deliturik ez" zela izan iritzita. Hasierako jarrerari eutsi zion Pilar Gimenez fiskalak, kritika ugari eraginez. Izan ere, teorian, akusazioa ordezkatu beharko luke, eta kasu horretan defentsako abokatuekin bat egin zuen. Fiskalaren esanetan, ezin da gertatutakoa argitu, kontraesanak izan direlako nagusi. Horrez gain, argudiatu zuen ezinbestekoa dela frogatzea akusatuen jardun zehatzek eragin zutela Cabacasen heriotza.

Defentsak auzipetuen absoluzioa eskatu zuen. Besteren artean, Cabacasen heriotza eragin zuen pilotakada nork jaurti zuen zehazterik ez dagoela argudiatu du. Ondorengoak izan dira defentsa abokatuen argudio nagusiak:

Liskarrak. Liskar handiak zeuden, eta arriskua eragiten ari zen. Hori eten behar zen.

Ezjakintasuna. Orduan ez zen ezaguna zer kalte eragin zitzaketen gomazko pilotek, eta ertzainek ez zuten uste inor hil zezaketenik. Gerora zorroztu ziren babes neurriak jarduera protokoloetan.

Egiletza. Tiro egin zuten hiru akusatu daude, eta pilota bakarrak hil zuen Cabacas. Ezin da jakin nork jaurtitakoa izan zen. Gainera, askoz ertzain gehiagok egin zuten tiro.

Aldiz, launa urteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa eskatu zuen familiaren abokatuak. Akusazioaren esanetan, epaiketan argi geratu da jai giroa zela nagusi Athleticen partidaren ostean, eta, beraz, ez zela oldartzeko motiborik. Eta hala ere, oldartu egin zela Ertzaintza. Jone Goirizelaia akusazioko abokatuak ohartarazi du ertzainak ez zigortzeak "inpunitatea" erakutsiko lukeela.

Hauek akusazioaren argudio pisuzkoenak:

Ez zegoen liskarrik. Ertzainek kontrakoa esan arren, lekukoek frogatu dute Kirruli aurreko plazatxoan ez zegoela liskarrik. «Zenbat agente zauritu ziren han?», galdetu du. «Bakar bat ere ez». «Zenbat furgoneta kaltetu ziren? Bat ere ez». Ez zegoen kalexkan sartzeko arrazoirik.

Bazekiten. Ertzainek formakuntza jasotzen zuten, eta bazuten gomazko pilotak erabiltzeko protokoloen berri. Bazekiten jardun hilgarria izan zitekeela. Espainiako Estatuan 20 pertsona hil eta 30 mutilatu dituzte gomazko pilotek, eta Europak ohartarazpena bidalia zion Espainiari gomazko piloten erabilerari buruz. Hala ere, zuzen egin zuten tiro, erreboterik gabe, eta gertutik.

Bermatzaileak. Poliziek herritarren segurtasuna bermatzeko lana dute. Ez dute horren aurka jardun behar, eta, hala ari bada, geldiarazi egin behar dute. Guztiak dira erantzuleak, baita kalteak eragozteko ezer egin ez zutenak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.