euskal presoak

Hamar hilabeteko epea eman diote Peio Irigoieni bere egoera erregulartzeko

FIJAIT txostenak ezartzen dituen neurriak bete edo FIJAIT txostenetik ken dezaten eskatzeko aukera du Irigoienek ekainaren 18a arte. Hamar eguneko epea du erabakiari helegitea aurkezteko.

Peio Irigoien irailaren 11ko epaiketan. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2018ko urriaren 16a
15:49
Entzun

Errudun izendatu dute baina ez dute zigortu. Hamar hilabeteko epea eman diote Peio Irigoieni bere egoera erregulartzeko. Irailaren 11an epaitu zuten Baionako auzitegian euskal preso ohia, Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatu ondotik ezarri zizkioten neurriak ez betetzeagatik. Haren bizitza pribatu eta familiarra oztopatzen dituela deitoratu zuten hura defendatzera joandako sei abokatuek, eta neurria konstituzioaren aurkakoa dela; kasua Parisko kasazio auzitegira bidaltzeko eskatu zuten, baina epaimahaiak ez zuen onartu. Samuel Vuelta Simon prokuradoreak, berriz, Fijaiten neurriak ukatzeak Hirigoienen bergizarteratzeko borondate falta erakusten duela adierazi zuen, eta, horregatik, gutxienez 800 euroko isuna ezartzeko eskatu zion epaileari.

Gaur, Fijaiten neurriak ez betetzeagatik errudun jo dute Irigoien, baina ekainaren 18a arteko epea eman diote bere egoera erregulartzeko. Funtsean, lau aukera ditu aurrean euskal preso ohiak Maritxu Paulus Basurco abokatuaren hitzetan. Fijaitaren neurriak betetzen hastea, Fijait txostenetik kendu dezaten prozedura abiatzea, ala ezer egin gabe ekainaren 18a arte itxarotea. Epe horretan bere egoera erregularizatu ez duela kontsideratuko balu, zigorra emanen lioke Baionako auzitegiak; helegitea ezarri lezake Irigoienek, baina ez auziaren funtsari buruzkoa, ekainaren 18an ezarriko lioketen zigorraren araberakoa baizik. Azken aukera, gaurko epaiari helegitea ezartzea litzateke. Kasu horretan, auzia errepikatuko litzateke Dei Auzitegian.

Irigoienek hamar eguneko epea du gaurko epaiari helegitea ezarri ala ez erabakitzeko. Paulus Basurco abokatuaren hitzetan, aukera guziak aztertuko dituzte zer egin erabaki aitzin. Hain zuzen ere, bi urteko epea geldtzen zaio Irigoieni Fijait txostenetik automatikoki ateratzeko.

Preso ohien salaketa

Jokin Etxebarria euskal preso ohien bozeramailearen hitzetan, Baionako auzitegiaren epaiak "argi" uzten du Fijaitaren aplikazioa neurri politiko bat dela, eta epaileek ere horrela irudikatu dutela uste du. "Guretzat neurri hori politikoki konpondu behar da, eta horregatik, guk segituko dugu borrokatzen bai Fijait eta baita bestelako neurri bereziak ere inori aplikatu ez diezazkioten", adierazi du. Euskal preso ohi batek Fijaitaren neurriengatik berriki izan dituen ondorioak ere salatu nahi izan ditu. Orain dela gutxi Popol Arranbide euskal preso ohia komisaldegira deitu dute polizia judizialaren aitzinera: Portugalera joan ahal izateko baimena eskatu zuen, eta eman zioten; baina ez zuen espresuki eskatu Espainiar estatutik pasatzeko eskubidea. Horregatik, komisaldegira deitu dute salatu du Etxebarriak. Bakearen aldeko urratsak egin diren eta egiten ari diren garai hauetan horrelako neurriak atxikitzea guztiz kontraerrankorra da preso ohien iritziz. “Onartuko dugun epai bakarra Fijait eta bestelako neurri guziak desaktibatzea izanen da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.