Datorren astean, hilaren 28an, estreinatuko du Fermin Muguruzak (Irun, 1963) Black is beltza filma Donostiako 66. Zinemaldiaren barruan. Nobela grafiko moduan sortutako proiektuak beste aldaera batzuk hartu ditu denborarekin, eta uda hasieran San Telmo museoan proiektuari buruzko erakusketa bat zabaldu ostean, zinemaldian ikusi ahalko da filma aurrenekoz. Ondoren, urriaren 5ean, iritsiko da zinema aretoetara.
Horren aurretik, baina, filmaren soinu banda aurkeztu du, gaur, Muguruzak. Raül Fernandez Refreemusikari eta ekoizle kataluniarrarekin elkarlanean landu du musika Muguruzak, eta Refreek filmerako sortutako musika inzidentalaz gain, pelikulak kontatzen duen istorioarekin erabat lotzen diren doinuak ere biltzen ditu. Hala, Negu Gorriakek Salam Agur diskoan (1996) argitaratutako Otis Reddingen bertsioa (Errespetua) jaso du Muguruzak, The Velvelettes 1960ko hamarkadako soul taldearen He was really sayin' somtehin' berreskuratu du, eta horrretaz aparte, hamaika kolaboratzaile izan ditu: Anarik Apur dezagun katea (Aresti / Laboa) kantatu du, Manu Chaok Seeds of Freedom, Ceci Bastidak Muguruzaren beraren La esquina del mundo, The Sey Sisters ghanar-kataluniar hirukoteak Power to the People...
Diskoa Sant Andreuko Fabrica de Creacion espazioan grabatu zuten, eta Muguruzaren beraren Talka Recordsekin batera, Elkarrek kaleratu du. Proiektuaren tamaina eta zailtasunak direla eta, Muguruzak ezinbestekotzat jo du bien arteko elkarlana.